Kontutxo bat

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2019ko mai. 16a, 10:21

"Sinesten ez dugun sistemaren ezinbesteko tresnak gara, peoiak gara".

Ez naiz hauteskundeez arituko. Lotsagarria ezik, harrigarria egiten zait errealitatearekin zer ikusirik ez duten diskurtsoak nola botatzen dituzten ikustea. Debalde, inpunitate osoz gainera. Baina harrigarriago egiten zait oraindik zer patxadarekin jaso eta irensten ditugun herritarrok. Politikatik zein bizitzako arlo guztietatik jasotzen ditugun mezuak dimentsio paralelo batekoak direla ematen dute. 

Baina ez gara kanpotik kontatzen digutenaren menpekoak bakarrik, guk geuk geure buruari kontatzen diogunaren ondorio ere bagara. Auto-narrazioak zer garen, non gauden eta ingurura egokitzeko zer behar dugun bideratzen laguntzen digu. Dakitenek esaten dute mundua konprenitzeko eta gure identitatea eraikitzeko istorio bat asmatzen dugula, ziurtasunezko esparrua izango duguna. Hortik aurrera, gertatzen zaiguna, sentitzen duguna, pentsatzen dugun guztia eraiki dugun kontakizun horren arabera neurtuko dugu.

Erraza litzateke idatzi dudan horri eustea bakardadean, kobazulo batean sartuta biziko bagina. Ez da gure kasua. Mezu jario etengabean gaude murgilduta, eta adaptazioaren mesedetan identitate propioaren pertzepzioa aldatzen goaz. Geure kontakizunak talka egiten du kanpotik datozkigunekin. Ez gara eroso sentitzen. Kolokan, noraezean gaude. Edozein aingurari eusteko arriskua dugu orduan: edozein influencerrek, twitterrek, coachek edo dena delakoek eskaintzen diguten ereduari eusteko prest gaude. Baina ez gara errugabeak: euren esku uzten dugu gure borondatea eta geureak ez diren diskurtsoen bozeramaileak bihurtzen gara boterezko egituraren mesedetan; sinesten ez dugun sistemaren ezinbesteko tresnak, peoiak gara.

Kontu hau ez da berria. Idatzita zegoen gu mundu honetara heldu aurretik, baina ez gaitezen engaina, determinismoa ere gezurra da.Istorio hau ez dugu zertan errepikatu behar, ezta gutxiago ere betikotu. Benetan zer garen onartzeko gaitasuna izan eta garen moduan agertzeko ausardian jarri nahi dut erronka, hemendik aurrera geure kontakizunaren jabe izan gaitezen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago