Maitasun ereduak

Erabiltzailearen aurpegia
Maitasun ereduak

"Dantzari guztiek albo batera egin dute, eta pistan bikotea bakarrik geratu da"

Bihotz tankera duten imajina daitezkeen gauzen artean San Valentin datorrela gogoratu dut. Salerosketen jai paregabea; otsailaren 13tik 15era Erroman ospatzen ziren Lupercalietan omen du oinarria maitasunari eskainitako jaiak. Egun horietan, ahuntz larruaz eginiko zartailuz jotzen zieten mutil biluziek neskatilei bizkarrean, ugalkortasuna eragiteko eta udaberriari ongi-etorria emateko. Hara ba, nondik datorren hain erromantikoa deritzogun jaia. Holako egurra halako ezpala, eta guk oraindik ondorioak ezin konpondu gabiltza. Eliza katolikoa ez omen zegoen erosoegi hain arrakastatsuak ziren ospakizun haiekin, eta Valentin apaizarena asmatu zuten. Claudio II. enperadoreak gazteen arteko ezkontzak debekatu zituen gerrara zihoazen soldaduek indarra eta kemena galdu ez zezaten. Valentinek aurre egin zion enperadoreari, eta ezkutuan ezkontzen zituen bikote ausartak. Lepoa moztu zioten. Normal. Aitzakia eraztunak edo bonboiak oparitzeko eta familiaren eredua indartzeko.  

Benidormen hirurogei urtetik gorako gizon bat agertu da telebistako kameraren aurrean dantzarako duen zaletasuna azaltzen. Azken hogei urteetan joan dira emaztea eta biak leku berdinera oporretan, eta, gauero, hoteleko dantzalekura. Emaztea alzheimerrez jota dago aspalditik, ia ez du inor ezagutzen, senarra ere ez sarritan. Iluntasunean igarotzen du denbora bukaezina baina Benidormeko gauetan dena aldatzen da. Gizonak ondo prestatu duen soinekoa hartu eta jantzi dio. Gero zapatak. Laztan bi eta musu bat. Leunki orraztu du andrearen melena zuria. Belarrira biok dakiten kanta bat abestu dio. Beste musu bat. Leunki zutitu eta eskutik eta gerritik helduta gelatik atera da bikotea. Dantzalekuan sartu dira tango bat entzuten den momentuan eta dantzan hasi dira. Andreak panpin bat ematen du, baina senarrari itsatsita hegan egin du eta berpiztuta ez ezik, emakumerik ederrena eta argitsuena dirudi. Dantzari guztiek albo batera egin dute eta pistan bikotea bakarrik dabil maitasuna zer den erakusten. "Bai, emazteak laguntzen nauen bitartean, beti etorriko gara hona", dio gizonak kamera aurrean.

Aukera ezazue nahi duzuen eredua.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide