Laster edo gero

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2018ko aza. 8a, 12:12

"Denok prokrastinatzen omen dugu noizbait. Batzuk gehienetan".

Azken ordurako uzten duzu egin behar duzuna? Nahitaezko zerbait atzera botatzen duzu eta bitartean hutsalkerietan zabiltza? Eginkizun konplexuak eta zehaztu gabekoak direnean ez dakizu nondik heldu? Nagikeria ote da? Begiz aurre daukazuna ez duzu gustuko edo nekeza deritzozu? Funtsezkora jotzeko arazoak dauzkazu? Harira etorri gabe, izarrei begira ematen duzu denbora? 

Baiezkoa izatekotan, prokrastinatzen ari zara. Betebeharrak ezin hobeki egiten saiatzen bazara, larri perfekzionista bazara, baliteke geroko uztea aurrean daukazuna. Adibidez, aldizkariaren arduradunek denboraz abisatu arren, sekulakoa egin nahi dudanez, azken momentu arte egoten naiz idatzi gabe. Nire kasuan, ez da perfekzionista naizelako nire ustezko ahalmenak neurriz kanpo baloratzen ditudalako baizik.

Denok prokrastinatzen omen dugu noizbait. Batzuk gehienetan. Ohitura kontua omen da. Ohitura guztiak errepikapenez eta berehalako sariez sortzen omen dira. Betidanik, obeditzen dudanean edo etxeko lanak, administrazioekiko tramiteak denboran betetzen ditudanean edo ondokoek espero dutena egiten dudanean,  berehalako saria jasotzen dut, onartua sentitzen naiz, eroso, maitatua baita. Horregatik hauetan jartzen dut kemena.

Gainditzen nauen ohitura kaltegarri hau baztertu nahian, internetera jo dut. Bizitza hobetuko didaten esteka ugari agertu zaizkit pantaila aurrean. Hasierako biak ikusi ditut eta gero prokrastinatu dut. Dena dela, bazterrean uzten ditugun gauzen zerrenda egitea gomendatzen dute. Hala egin dut: amarekin solasaldi gehiago izan, lagunei toke bat eman sarriago, ibilaldiak egiten hasi, egunero gutxienez kanta bat abestu eta dantza egin, sukaldatzeko denbora hartu, aspalditik zain ditudan liburuak irakurri, bilobarekin jolastu, txalaparta jotzen hasi, geure baitan ditugun mugak hautsi, erosotasunaren gunetik irten, oinarrizkora jo. Gakoa geuretzako zer den garrantzizkoa asmatzean datza. 

Atzeratu, geroko utzi… Erortzeko beldurra dut. Hau da gehienetan prokrastinatzera naraman egiazko zergatia. Hor utzi dut bukatu gabe zerrenda. Hastea omen da zailena. Gaitz erdi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago