Nadadoriek

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2018ko ira. 4a, 12:48

Salome Campos itsas-zeharkaldia. / S. Campos

"Baziren andrazko batzuk, nire amona tartean, ezkutuan, igeriketa subertsiboa egitera joaten zirenak".

Jakina da Bermeok arrain kontserbetan tradizio sendoa duela eta aspaldidanik lan hori emakumeen eskuetan egon dela. Haien artean, Campos ahizpak Bermeoko arrain kontserben artisau-lanetan hasi ziren XX. mendearen hasieran, nebak itsasoan zebiltzan bitartean. Ohitura eta nahitaezkoa zen kostaldeko hainbat herritan gizonak itsasorako eta andrazkoak lehorretako lanetan aritzea. Arreba nagusiaren eta bere senarraren heriotzaren ostean, Salome bakarrik geratu zen gaur arte zutik iraun duen negozioa zuzentzen.

Ez dut Salome aipatzen horregatik. Irailaren 1ean Bermeon "Salome Campos  IV. itsas-zeharkaldia" ospatu delako baizik. Salome emakume nadadorie zen. Garai hartan, nahiz itsasoan aritu, gizonetan ere gutxi ziren uger egiten zekitenak. Baina baziren andrazko batzuk, nire amoma tartean, goizean goiz, ezkutuan, igeriketa subertsiboa egitera joaten zirenak. Salomek ordea ez zuen bere zaletasuna isilean eduki.  Egun batean, gizon eta emakumeen trebetasunen arteko diferentziei buruzko eztabaida sortu zen, eta Bermeoko portutik Izaro uharteraino igerian helduko zela apustu egin zuen. Erronkari heldu, eta iraileko goiz batean portutik abiatu zen Izaroraino, Kantauri itsasoko 2 milia eginez (3.700 metro gutxi gorabehera). Aurton, 700 bat igerilarik hartu dute parte lehiaketan, eta horietako asko emakumeak izan dira, 5.000 metro betez. Hedabideen arabera, Bermeo erreferente bihurtu da itsas kirolen arloan.

Indiako Havelock irla elefante igerilariei esker egin da famatua. Duela berrogei urte, hamar elefante eraman zituzten Adaman itsasora bizitzen. Horietatik sortu dira oraingoak. Bertako administrazioak hauen inguruan sustatu du turismo ekologikoa deritzotena, eta turistak urpean sartzen dira elefanteekin batera aritzeko. Igerilari apartak dira –elefanteak, ez turistak–; gorputz osoa urperatu eta tronpa baliatzen dute arnasa hartu ahal izateko. Rajan izan zen aitzindarietatik azkena. 

Geure nadadoriena eta elefante igerilariena eboluzioaren kontua omen zen, baina azken ikerketen arabera, pakidermoen enbrioiak ur azpiko presioa jasateko eginak daude betidanik, emakumeok ur gaineko presioa gainditzeko gauden modura. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago