Urak dakarrena

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2018ko eka. 22a, 11:04

"Porturatze irudiak ikusi genituenean hobeagoak sentitu ginen, omisio bekatutik askeago".

Aquarius, Dattilo eta Orione itsasontziak Valentziako portuko sarbidetik agertu dira. Esperantza izen polita da ondo atera den ekimen hau gogoratu ahal izateko, gaizki bukatu diren antzeko salbamenduko beste batzuen izenak ahaztu ditugun arren. Italia eta Maltan lurreratzeko debekuak eta Europako beste gobernuen isiltasun hiltzaileak geure etika memeloa zapuztu dute zortzi egun luze eta latzetan, sufrikario gordinaren lekukoak izan garen bitartean. SOS Mediteranee ontzian gertatuko zen tragedia saihestu ezinean, heriotzaren espektakulu makabroa zuzenean erremediorik gabe ikusiko genuela uste izan genuen.  

Baina igandean sosegua hartu genuen, bermutarekin batera, Esperantza ekimenari esker, itxaropena izan ezik gainontzeko guztia galduta zuten 630 lagunek bizirik dirautelako. Ez dira hondoratu. Geure lasaitasunerako, hizkuntza ezberdinetan, denok batera, eskertze kantuan, alai eta algara batean ikusi genituen, elkarri besarkatzen. Mediterraneo hilobi erraldoi errukigabeak ez ditu irentsi, itsasoaren erronkari aurre egin diote, eta gu, igandean, hiru ontzien porturatze irudiak ikusi genituenean hobeagoak sentitu ginen, omisio bekatutik askeagoak. Estatuko eta nazioarteko 700 bat kazetarien bitartez, espektakulu eskergarria eskaini ziguten hedabideek eta baikortasunez zipriztinduta amaitu nahi izan nuen eguna. Baina ezin. Biziraupenaren zozketan parte hartzeko, iragana albo batera utzi behar izan zutenek ez dute hala ere etorkizun duin bat irabazi: 45 eguneko luzapena besterik ez. Bitartean, asteburu honetan bakarrik 69 pateratan 1.300 lagun heldu dira Andaluziako kostaldera eta 64 desagertu dira itsasoan. Etengabeko jario makabroa, infernutik infernura. 

Leteren poema gogoratu dut. Nabil, eta nabilelako nago hain triste, ikusirikan denak hain urrun, gauzak hain ilun, begiak lauso, eskuak hain hutsik. Nabil, eta nabilelako nago hain zikin. Guk, paradisuaren biztanleak garenok, zenbat ur beharko dugu dagokigun errua zuritzeko, zikinkeria garbitzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago