Argiak eta itzalak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2018ko ots. 23a, 12:52

"Argitasunean begiratzera ohitu behar dugula uste dut, min ematen badigu ere".

Duela gutxi, ekimen eszenikorako erritoaren inguruan aritu gara hainbat lagun. Erritoetan mugimendu jakin batzuen errepikapenaren poderioz, keinuen, hitzen eta pentsamenduen eraginkortasun handiena agerian jartzen da, eta barneko indarra areagotu egiten omen da. Aldez aurretik, ez hitzek ezta keinuek ez dute zertan ezer berezirik adierazi behar. 

Jo ta ke ekin nion ariketari eta haitzuloaren mitoarekin aurkitu nintzen bat-batean. Platonek dioenaren arabera,gizon batzuk jaiotzatik leizearen sakontasunean kateatuak bizi dira, aurreko hormari begira. Atzean sutzarra, eta ostean jendea. Horrela kateatuek, suak ematen duen argi gutxiari esker, atzean gertatzen denaren itzala ikusten dute horman: jendearen mugimenduak, animalienak, mendien edo zuhaitzen irudiak. Hori da ikusi ahal duten bakarra. Halabeharrez, itzal horiekin eraikitzen dute azalezko sasi errealitatea. Baina baten bat aske geratuko balitz eta atzekoa begiratu, ikusiko lukeena itzala baino irrealagoa irudikatuko luke. Argiak min emango lioke begietan, eta hormakoari so egitea erosoago irudituko litzaioke. 

Honako hau alegoria da, jakina. Baina errealitatea gardentasunez ikusteko, argitasunean begiratzera ohitu behar dugula uste dut, min ematen badigu ere, ahaleginak eta behar den denbora guztia jarrita. Ikastaroan esan digutenez, asmo jakin bat, kontzentrazioa eta zehatz aritzea eskatzen du erritualak, eta ondoren kontzientziaren maila zabalagoa lortu ahal izango dugu. Hala bedi.

Suak proiektatzen duen irudiak errealitatetik desbideratzen gaitu: itzaletan erreparatzen dugu, haitzuloan kateatuak gaudela ikusi barik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago