Holograma

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2018ko urt. 11a, 10:18

"Gabonetatik atera berriak gara, eta kaskezurrean dantzat daramat ilusio hitza".

Kutsatuta nago. Gabonetatik atera berriak gara, eta kaskezurrean dantzan daramat "ilusio" hitza. Bere oihartzuna ezin kendurik nabil, gutxienez azken hogei egunotan etengabe, leku eta egoera ezberdinetan behin eta berriro entzun dudalako. Itsatsita daramat gorputzean ere, berotzen nauen barruko arropa balitz bezala, eta kanpoko errealitate hotzetik babestuta eroso sentiarazten nauela aitortu behar dut. Urtero bezala, sentimendu xume hau epidemia ez ezik, pandemia bilakatu da sasoi hauetan. Non-nahi agertzen zaigu birus oportunista balitz bezala: eskaintzen dizkiguten loteria txartel denak erostean, zozketa hasi baino lehenagoko ametsetan, eta, zer esanik ez, urte berrirako asmo bete ezinetan.

Susmoa dut ez duela zerikusirik neguko solstizioarekin edota ilargiaren eraginarekin. Ez duela zerikusirik bizitzari bizipozez aurre egiteko behar dugun bultzada ematearekin edo emozioak bete betean onartzen laguntzen digun oinarrizko sentipenarekin. Barruan eta kendu ezin daramadan hau, jainko berrien mesedetan kontsumorako asmatutako low cost sasi-sentipena besterik ez dela uste dut, gezurretakoa eta iraupen gutxikoa, barruraino sartzen digutena. Bitartean, egoera latzak, eraso matxistak, pobrezia, gatazkak, gertukoen liskarrak eta antzeko puntu beltzak beste plano urrun bateko horizontean galtzen dira. Fast food bezala lelotuta edukiko gaituen edozer irensten dugun heinean, sentitzen ez dutenen kontrolpean gaude, holograma baten barruan kokatuta.

Gaur, amaren etxeko arbolaren girnaldak gordetzearekin batera kutxa berean sartu nahi izan dut ditxosozko hitza, baina alferrik. Goiz osoan, Los Chichosen kantak ozenki abesten aritu naiz, erretiratzen direla irratian entzun dudanetik: "porque todo lo que piensas son ilusiones, todo es mentira, lará lará, son ilusiooooneees".

Errealitatetik kanpo dagoen eta zentzumenek sortutako irudia omen da ilusioa. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago