Duela hilabete eta erdi Hegoameriketatik nabilela. Uruguaira heldu eta Argentinatik ibili naiz kontalaritzaz, antzerkiaz eta identitateaz aritzeko. Aspaldiko lagunak, bide zabaletan ezagututakoak aurkitu ditut eta errepide eta bidailagun berriak erakutsi dizkidate. Panpatik sakabanatutako herri txikietan itxuraz hutsik dauden museoak bisitatu ditut. Ondare ukiezin eta ikusezinez betetzen diren museoak dira hauek, ekimen kolektiboaren bidez osatzen direnak. Bertan ez duzu eskultura edota margolan aipagarririk aurkituko baina nik bertako emakumeen historia, adibidez, erabili izan dituzten barruko erropaz osatutako erakusketa biziaren bidez ezagutu nuen. Bidean Santiago Maldonadoren arrastoen bila zebiltzanak topatu nituen. "Chacra" lagunek egiten zituzten bideetatik ibili nintzen zatitxo batean euren istorioak ikasten. Cordobako mendikatearen herrixketan txikitasunaren edertasuna erakutsi didate, eta Patagoniako jendea ezagutu dut ere. Euskalduna naizelako besarkatu naute. Hurrengo geltokia, Uruguai.
Maldonadoren gorpua agertu da. Buenos Airesen, Gizakiaren Museoan egin dut lan eta baita gune autogestionatu bateko aretoan. Bigarren hau ere, ukiezinen museoa. Herrietako jatorrizko jakinduriaren gordailu diren ipuin tradizionaletaz ikasten nabil, oinarri sakonetan gorderiko identitatearen zutabeak, berriro ere nire errealitate garaikidera bueltatzeko. Arkeologia lana da gurea.