Lagun batekin egin dut topo. Kafetxo bat hartzera joan gara oporretakoa kontatzeko edo. Hilabete osoa etxea husten igaro duela esan dit. Azkeneko hogeita hamasei urteren buruan, hormak eta zorua berriztatu behar izan dituela. Den dena, altzariak eta guzti, atera behar izan du. Nahiko denbora hartuta, apalak, armairu eta tiraderak hustu ditu, antolatu eta kutxetan gorde ditu aukeratutakoak. Baina denbora luze horretan pilatutako gehienak baztertu, bota eta banatu ditu.
Argazkiak berrikusi ditu: nola gizondu diren semeak, nola gizendu den bera, nola aldatu diren urlia, sandia eta berendia, ez daudenak… Apaletako liburuak atera ditu ere: familiako eta lagunen artean banatu ditu gehienak, zaharkituak birziklatu eta soberakoak enkante saltzaile batengana eraman ditu. Urteetako zama kenduta, hainbatetan entzundako arintasunaren onura sentituko zuela pentsatu zuen. Baina ez. Etxean pilatutakoak bere bizitzaren lekukotasuna ematen ziola uste bazuen ere, oker zebilela aitortu dit.
Garai bakoitzeko bizikideei eman dizkie partekatutako oroigarriak. Haurtzaroko argazki solteak eta disko batzuk besterik ez ditu gorde. Suntsikortasunaren kontzientzia hartu duela esan dit. Nik ez diot egin dudan bidaia aipatu.
Nire pisua bete-bete eginda dagoenez, kartoizko kutxak jaso ditut bidean, neu ere efimerotasunaren sasoiaren atean nagoela sumatu dudalako. Orain kutxak uzteko tokia bilatu behar dut.