Umetan tardantzaren bila joaten nintzen sarritan. Arratsaldeetan, andreak sukaldean biltzen ziren josten, indibabak zuritzen edo antzekoetan. Ni jolasten jartzen nintzen mahaiaren ondoan, ahotsen erritmoan. Batzuetan, hasperenak entzuten nituenean edo isilune sendoa egiten zenean, amak esaten zidan: "Joan zaitez izekorengana eta honenbesteko tardantza egiteko esaiozu". Honenbeste hori egoerak eskatzen zuen pisukoa izan zitekeen. Izekorengana joan, amak agindutakoa esan eta izekok pisuaren arabera neurtzen zuen tardantzaren tamaina. Merienda, margoak edo jostailuak ematen zizkidan, enkargua bete bitartean. Behinola aste oso bat pasa nuen izekoren etxean, pisu handikoa behar ei zuelako nire amak.
Bila joaten nintzenean, andreak atsekabetu edo kezkatuta uzten nituen. Bueltan, ordea, irribarretsu begiratzen ninduten eskerrak ematen bezala. Banekien errekadu hura berezia zela. Helduen animoa aldatzeko euskarri magikoa zelakoan nengoen. Hala ere, egun batean galdetu nuen zer zen ditxosozko tardantza hura. Nagusitutakoan igarriko nuela erantzun zidan amak misteriozko aurpegia jarrita.
Errefuxiatuen egoera latzez, migratzaileen heriotza-bidaiez, goseteaz eta antzeko zorigaitzen aurrean, tardantzaren bila joateko gogoa izaten dut: "Lasai lagunok, milaka kilo tardantzaren bila joango naiz, eta bueltan dena konponduta egongo da", oihukatuko nuke itxaropentsu. Gustura egingo nuke, baina ezin. Inork ez didalako esan zer den edo non aurkitzen den garai hartako tardantza miragarri hura.