Gauza guztien zergatia

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2017ko mar. 24a, 12:01

"Eskailera igotzen saiatuko da eta besteek jipoituko dute txikitu arte".

Gela itxi baten erdian banana bat sabaitik zintzilikatu; eskailera bat kokatu banana hartu ahal izateko, hogei tximu sartu eta eskailera igotzearekin batera, dena blaituko duen ur izoztu zurrusta-sistema jar ezazu. Lehendabiziko tximua eskaileratik igoko da eta banana hartuko duenean ur jelatuaren euriak blaituko du dena. Tximuek berehala ikasiko dute bustitzen ez badira ezin dela banana hartu. Ondoren, zurrusta-sistema itzaliko duzu.

Gelatik tximu bat atera eta berri bat sartuko duzu. Berriak banana ikusiko du eta eskailera igotzen saiatuko da eta gainontzekoek jipoituko dute txikitu arte. Ordezkatuko duzu beste bat eta errepikatu egingo da egoera: berria eskailera igotzen saiatuko da eta egurra emango diote eta, gainera, aurretik jipoitua izan denak besteak baino gogorrago emango dio. Jarraitu prozesua jatorrian egon diren tximu guztiak ordezkatu arte. Ostean, tximu berriei ez zaie inondik ere burutik pasako banana hori hartu behar dutenik edo eskailerarantz gerturatu behar direnik. Halaz ere, baten batek saiakeraren bat egingo balu astinduko lukete denek, nahiz eta ez dakiten joera horren zergatia. 

Ikusi, jasan eta neronek eginiko jarduera askok harrituta edota txundituta uzten naute. Ez gara jatorrizko tximuak eta, tamalez, gure joera askok ez diote logikari erantzuten. Zergatik gorrotatzen dugu ezagutzen ez duguna? Nork jarri digu beldurraren eta gorrotoaren zurrusta-sistema? 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago