"Lagunok: nire bizitza zeharo aldatu duen gertakizun bat zuokin partekatu nahi dut. Elkartuko gara abenduko zubian? Nire ondoan behar zaituztet". Hauxe da Bartzelonako lagun batek aspaldiko lagunoi bidali zigun mezu misteriotsua. Irakurri orduko gaixotasun larriren bat aurkitu ziotela pentsatu nuen eta berehala baiezkoa eman nion; joango nintzela. Gero, 60 urte betetzear dagoenez, aurre-erretiro moduko konturen bat izango ote zen otu zitzaidan.
Laster zabaldu genuen wapp-laguntaldea. Porra bat ere egin genuen egoera posibleak eta guztiz eroak asmatuz. Brometan ibili arren, barrutik denok ginen kezkatuta, geure lagunak ez zuelako txantxetarako joera izaten. Iritsi zen eguna eta heldu ginen hitzordu-lekura. Han zegoen bera, besoak zabalik emozioz beteta. Geu ere emozionatuta. Erabat. Malkoak eta guzti. Sentimendu hutsa zen gurea, ez genekielako poztu edo etsitu behar ginen. "Lagunok, maiteminduta nagoela esan nahi nizuen", bota zuen katarsiaren erdian. Bertan seko geratu ginen denok dezepzionatuta, hirugarren adinean sartzeko mugan dagoen gizona lelotu ote den pentsatuz. Bueltan, autobuseko pantailan erreportaje bat ikusi nuen zeinetan jabeek euren txakurrentzat "bikote egokiak" aukeratzeko casting-ak egiten zituzten.
Sentimenduak erabat ezlokalizatuak ditugun garai honetan, gure laguna zuzen dagoela aitortu behar izan dut.