Arrazoiak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2016ko ots. 22a, 13:50

Zeren estalkitzat erabiltzen dute barraskiloaren auzia?

Bi fraide omen zeuden hausnarketa sakonetan murgilduak monastegiko lorategian paseoan. Haietako bat seko gelditu zen, justu bere eskuineko oina bidea zeharkatzen zebilen barraskilo bat zapaldu baino lehen. Pozik animaliaren bizi-zikloa zapuztu ez zuelako, bere eskuan hartu eta kontu handiz bide ertzean zegoen baratzean utzi zuen uraza baten hosto gainean. Bigarren fraideak ihardetsi zion: "–Axolagabe halakoa! Ez zara konturatzen barraskiloa salbatzeagatik baratzeko gure janaria izango diren landareak jarri dituzula arriskuan?". Bata eta bestearen garrantziaz aritu ziren eztabaidan denbora luzez eta hirugarren fraide bat hurbildu zitzaien. Saiatu arren, akordiorik gabe, komentuaren buruari galdetzea proposatu zien.

Lehen fraideak bere jarrera azaldu zionean, hala erantzun zuen jakintsuak: –Arrazoia duzu. Egin beharrekoa egin duzu. Bigarrenak, ostera, bere argudioak erakutsi eta jakintsuak erantzun berbera eman zion: –Arrazoia duzu. Egin beharrekoa besterik ez duzu egin. Orduan hirugarrenak harrituta esan zion: –Nola esaten duzu biek dutela arrazoia, bataren eta bestearen argudioak kontrakoak badira? Fraide buruak, halabeharrez, arrazoia eman zion hirugarrenari ere. 

Irakurle jakintsuentzat galderak: gaurko egoerara ekarrita, zeren estalkitzat erabiltzen dute barraskiloaren auzia? Nortzuei dagokie hori? Nor da aholkularia? Aklaratuko ote dira? Espabilatuko gara behingoz hiritarrok?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago