IRITZIA

Esadazu Ramiro Gonzalez jauna

Ramiro Gonzalez Foru Aldundian. Argazkia: ALEA

Esadazu interes indibiduala dela, esadazu ego kontua dela, eta baieztatu gutizia eta zekenkeria dela. Esadazu ez dakizula eta ez duzula onartzen kapitalista neoliberala ez den klabean gobernatzea. Esadazu ez duzula ikusi nahi. Horrela bakarrik uler nezake zure gorreria, zure itsutasuna eta zure ulertezintasuna.

Mugatua da gure planeta hau, mugatuak bere baliabideak, lehengaiak, lur arraroak eta ur geza. Mugatua da gure lurraldea, gure mendiak eta gure laborantza-lurra, eta zuk lurperatu nahi duzu eguzki-zentral eta zentral eoliko erraldoiekin. Eta hau guztia merkatura saltzeko helburu bakarrarekin.

Industria deskarbonizatzeaz eta elektrifikatu beharraz ari zara, ibilgailu elektrikora pasatu behar dugula, eta gero zuk zer egiten duzu? Errepide sarea zabaltzen duzu. Interkonexio lotura berriak proiektatzen dituzu. Arabako lurraldean gasolindegien kopurua handitzeko lizentzia berriak eman dituzu. Milaka hektarea saltzen dizkiezu logistika plataforma handiei. Forondako aireportuaren proiekzio handiagoa baimentzen duzu. Azken batean, Araba eraldatzen duzu salgaiak batetik bestera eramateko lurralde batean. Oso urrutitik datorren merkantzia, are urrunagoko merkatuetara eramateko. Non geratzen da gertuko merkatua, 0 km-koa?

Politika honek kamioi, trailer eta hegazkinen gorakada nabarmena ekarriko digu, guztiak energia fosilez elikatuak eta epe laburrean elektrifikatzea ezinezkoa.

Arabarrok ez dugu nahi lurralde hau eta, oro har, Euskal Herria eraldatzeko zuen proiekturik. Ez gara aspirazio gutxiko edo ikusmen urriko pertsonak. Badakigu nora ekarri gaituzten energia-konpainia handiek, eta orain ez da haiengan konfiantza izateko garaia. Badakigu kapitalismoak etengabeko hazkundea behar duela, eta hazkunde hori planetaren mugekin bateraezina eta jasanezina dela.

Arabarrok entzuten uzten ez dizuten tapoiak kentzea eta ikusten uzten ez dizuten betaurrekoak aldatzea nahi dugu. Entzun zientzialariak, kimikariak, geologoak, soziologoak, humanistak eta ekologistak. Entzun arabarrak.

Utz iezaiozu zeure buruari begi bistakoa denari eta sen onari jarraitzen. Kontuan izan jada editatuta dagoen gure ekonomiaren trantsizio ekosozialerako proiektuak eta bide-orriak.

Esadazu, une batez bada ere, kapitalismoaren betaurrekoak kenduko dituzula, zure egoa gutxitu eta zure gutizia kontrolatuko duzula, horrela bakarrik ulertuko nauzulako.

Itziar Martinez de Luna

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago