Euskararen sukaldari eta sherpa guztiei esker mila!

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Etxezarreta 2014ko abe. 9a, 01:00

Itziar Etxezarreta

Euskararen eguna igaro berri  dugun  honetan ezinbestekoa zaigu eskerrak ematea euskararen alde aritzen diren guztiei: euskara irakasleei, euskara ikasleei, seme-alabei euskaraz egiten dieten gurasoei, idazleei, kantariei, hizkuntza teknikariei  eta, oro har, haien lana euskaraz burutzen duten profesional guztiei. Haien ahalegin eta esfortzuari esker euskarak bizirik dirau.

 

Hala ere, eskerrak eta merezimenduak banatzean, euskara kolorez janzten  dutenak ahaztu ditugu, urruneko ametsak lapurtu eta gure egiten dituztenak, itzultzaileak, hain zuzen. Izan ere, sukaldariak bailiran, elikagai hoberenak hautatu eta, maitasun eta pazientzia handiz sukaldatu ostean, gure platerean jaki bero eta goxoa jartzen digute. Bestela esanda, haien lanari esker, Shakespeare, Kafka , Molière eta beste askoren obrak eskuragarri ditugu euskaraz.  Era berean, nahiz eta neurri txikiagoan, film eta telesail ugari euskaraz gozatzeko aukera eskaini digute.  

 

Euskal itzultzaileen lana, gainera, ez da literaturara eta telebistara soilik mugatzen. Itzultzaileak esploratzaile eta sherpa ere izan dira eta gaztelania eta frantsesa jaun eta jabe ziren gailurretan,  hots, zientzian, politikan, justizian, irakaskuntzan edota artean, euskararen ikurrina jarri dute. Ez pentsa, gainera, bidea makala izan ez denik. Maldan gora gogor tira egin behar izan baitiote gure hizkuntzari, bidean hainbat formula eta hizkera bateratuz, termino berriak sortuz eta euskaraz eduki bai baina ezagutzen ez genituen horiek guztioi irakatsiz eta estandarizatuz.

 

Euskararen sukaldari eta sherpa guztiei, beraz, esker mila!

 

Eskerrak emateaz gain, euskaldunok itzultzaileei barkamena eskatu behar diegula uste dut. Jakina da euskara eta  gaztelera/frantsesa ezagutzen ditugunok itzultzaileen lana lupaz begiratzeko joera dugula eta, ez hori bakarrik, maiz modu bidegabean epaitzen ditugula. Ez dut esango sasitzultzailerik ez dagoenik, guztiok izan baitugu inoiz itzulpen negargarriren bat eskuartean, baina epaitu aurretik haien egitekoa ondo ezagutzeari ezinbesteko deritzot.

 

Batetik, gogoan izan behar dugu medias/erdiak (galtzerdiei erreferentzia egiteko)   edota Blu-Ray Reproductor/Blu-Ray Ugalketakoa bezalako itzulpen gogoangarrien atzean ez dagoela itzultzailerik. Halako “itzulpenak” euskara ezagutzen ez dutenek eta Google Translator edota antzekoak itzultzaile profesional baten lana egiteko gai direla uste dutenek egin ohi dituzte.

 

Bestetik, hizkuntza biren arteko zubi ahula eraikitzea zein zaila den kontuan hartu beharko genuke inoren lana epaitu aurretik. Itzultzaileek hitz jokoei, erreferentzia kulturalei eta xede hizkuntzan existitzen ez diren hamaika hitz eta terminori aurre egin behar diete. Gainera, eguneko karaktere kopuru erraldoia itzuli behar dute, itzultzaile gehienek  eginiko ekoizpenagatik kobratzen baitute, ez itzulpenari eskainitako orduengatik. Hori dela eta, hiztegian edota sarean kontsultak egiteko aukerak mugatuak izan ohi dira. Hori gutxi balitz, itzulpen batzuk karaktere kopuru zehatza izan behar dute, publizitate errotuluetan edota azpitituluetan esaterako, eta beraz, itzultzaile gaixoak matematika egitera behartuak daude.

Dena dela, traba guzti horien gainetik errealitate ukaezin bat dago: Jaun-andreok, itzultzea oso zaila da! Bestela pentsatzen duenari, honako esaldi  honekin proba egin dezala esango nioke: “Le remito al responsable de urbanización para solicitar licencia de ocupación de calzada para la instalación de andamios u otros medios auxiliares.” Edota arruntagoa den honako beste honekin: “Tengo que pasar por el super a por queso de untar,  pepinillos y  bastoncillos para los oídos.”

Eguneroko hitz ustez inuzente horiek amesgaizto bihur daitezke itzultzaileentzat. Eta nola egin aurre hizkuntzak bidean jartzen dizkien erronkei? Imajinazio handiarekin eta are izerdi gehiagorekin. Izan ere, itzultzaileak artistaren eta zirujauaren ezaugarriak behar ditu  neurri berean: irudimena, sentiberatasuna eta sormena batetik eta trebetasuna, zehaztasuna eta erabakitzeko gaitasuna,  bestetik. Funtsean, itzultzaile ona bihotzaren eta buruaren arteko oreka perfektua da. Bihotza, testuaren barrenera arte sartu ahal izateko; burua, bertatik garaiz ateratzea lortzeko.

 

Ondotxo dakit nik neuk zertaz ari naizen, Itzulpengintza ikasi banuen ere itzultzaile ez bainaiz. Bihotz gehiegi dudala pentsatu nahiko nuke, buru gutxi dudala ez pentsatzearren. 

Edonola ere, euskararen egunean euskal itzultzaileek euskal gizartearen esker ona  inork baino gehiago merezi dute. Haien lanari esker izan ez balitz, oraindik ere etxeko sukaldera mugatutako hizkuntza izango baitzen gurea.

Hori guztiagatik, ESKER MILA GURE HIZKUNTZAREN SUKALDARI FIN ETA SHERPA AUSARTEI!

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago