Herrimina, herripoza

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Etxezarreta 2014ko ira. 29a, 02:00

Itziar Etxezarreta

Oraindik bada euskara hizkuntza hankamotza dela pentsatzen duenik, hitzak falta zaizkiola eta bizitzako alor garrantzitsuetarako balio ez duela uste duenik. Zorionez, gehienok badakigu gure hizkuntza beste edozein bezain zabala eta osotua dela eta hizkuntzaren mekanismo propioei esker urteetan itzalpean egon izanak eragin dizkion gabeziei pixkana-pixkanaka aurre hartu diela. Ez hori bakarrik, hizkuntza orok bezala, baditu hainbat hitz bereziak direnak, maiz itzulezinak, eta ideia bat inguruko hizkuntzetan baino argiago adierazteko gai direnak.

 

Hitz berezi horietako bat herrimin da. Baliteke esanahiz eta indarrez beteriko herri eta min hitzen elkarketaren emaitza izateak ematea hitzari duen izaera hunkigarri eta emozionala. Edonola ere, gaztelaniako nostalgia edo frantseseko nostalgie hitzek baino modu errealistagoan deskribatzen du atzerrian dagoenak sentitzen duen samina eta etxekoen beharra.

 

Baina euskarak, bere bertute eta defektu guztiekin, alde batetik ematen diguna bestetik kentzen digu. Esanahi bat hain ondo adierazten badu ere, beste ideia batzuk umezurtz uzten ditu, aditzera emango dituen hitzik gabe,herrimin bezalaxe. Izan ere, herrimin “herrialdetik urrun egoteak sortarazten duen tristura” bada, nola esan etxean bertan herriagatik sentitzen den minari, inguruan entzuten dugun hori hain mingarria suertatzen zaigunean barrenak sentitzen duen ezinegonari? Herrikomin? Herriagatiko min? Herriak eragindako min?

 

Dena dela, izena gutxienekoa da; garrantzizkoa, sentimendua. Gasteizko alkateak jatorri magrebtarreko hiritarren kontura esandako gezurrak entzuteak sortarazi zidan lotsa, haserrea eta mina, adibidez, herrimina da. Ez dut esango hitz horiek sorpresa izan zirenik inorentzat, uztailean Gamarrako igerilekuan gertatutakoak eta duela urte gutxi meskita berriarekin izandako istiluek nahiko argi utzi baitzuten alkate jaunaren jarrera zein den. Ustekabean ez hartu izanak ez du, baina, herrimin sentimendua apaltzen.

 

Beraz, alkatearen hitzek behin eta berriz errealitatearen irudi distortsionatua eskaintzen digute. Baina, interpretazio subjektibo horren baitan egia biribilak ere esan ohi ditu noizean behin. Magrebtarren ustezko iruzurra publikoki salatzean bere hitzek gasteiztar askoren iritzia aditzera ematen zutela esan zuen Marotok eta hori, tamalez, ezin diezaioket ukatu. Izan ere,  istiluren bat egon den guztietan han-hemenka galdetzen aritu naiz, jendearen iritzia ezagutu nahian eta etorkinen, eta bereziki magrebtarren, aurkako  aurreiritziak eta gorrotoa nonahi aurki daitezkeela ikusi ahal izan dut. Eta horrek, nola ez, herrimina sortarazten dit.   

 

Batzuek arrazakeria dela diote, baina nik ezjakintasuna dela uste dut. Magrebtarrak eta gainontzeko etorkinak diru laguntzak kobratzera datozela uste duenak ezer gutxi daki etorkin izatea zer den. Bestela, ondotxo jakingo luke immigrazioak suposatzen duen drama pertsonalak ez duela pena merezi 400 euro ziztrinen trukean.

 

Eta drama diodanean ez nabil itsasoan itotzearen edota prostituzio sare batek bahitzearen dramez ari. Horiek bai dira dramak, bai noski! Baina badaude eguneroko drama txikiak ere, gure bizilagun etorkinek egunero bizi dituztenak eta jaiotzezko gasteiztar askok ezagutzen ez dituztenak. Esaterako, norbaiti ordua edota helbideren bat kaletik galdetzean hark izu aurpegiarekin ospa egitea, edozein tramite administratibo egiteko Betoñoko komisaldegian goizaldetik  ilara luzeak eta ondoren bertako langile askoren tratu desatsegina jasan behar izatea, autobuseko jarleku batean esertzean alboko emakumeak bat-batean poltsari gogor heltzen diola ohartzea, modako diskotekan lagun gasteiztarrak ordaindu behar ez duen sarrera aparteko arrazoirik gabe ordaindu behar izatea, jatekoa ere exkaxa denean herrialdean geratu diren familia-kideei ez huts egitearren Europan luxuzko bizitza daramanaren plantak egin behar izatea, eta beste mila eguneroko drama txiki.

 

Badaude herrialde arrotz batean bigarren mailako hiritar izanda lanik egin gabe bizi nahi dutenak, laguntza sozialek eskaintzen duten bizi kalitate kaxkarraren truke. Baina gutxienekoak dira, gehienak gogor lan egitera eta etorkizun bat eraikitzera baitatoz. Baina gasteiztar askok ez omen dakite hori eta ezjakintasun horrek herrimina sortzen dit niri.

 

Ez hori  bakarrik, hainbat politikarik ezjakintasun horri probetxua atera nahi diote etorkinak gure sistemak dituen arazoen arduradun eginez eta, bide batez, botoak eskuratuz. Bestela, nola azaldu alkateak magrebtar eta hegoamerikarren artean eginiko desberdintasuna? Datorren hauteskundeetan espainiar nazionalitatea lortu duten ehunka latinoamerikar boto-emaile berri bihurtzeak zer ikusirik edukiko al du?

 

Egoera horrek guztiak sortzen dit niri herrimina, hiztegiek jasotzen ez duten herrimin sakon eta amaigabea.

 

Baina guztia ez da ilun eta beltza bizitza honetan eta herripoza ere sentitzen dut maiz. Herripoza eragiten dit, esaterako, etxe aurrean dudan eskolako patioan etorkinen seme-alabak bertakoekin batera jolasten ikusteak, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen etorkinen aldeko kanpaina behin eta berriz irratian entzuteak, Gasteizko langabeen plataformak alkatearen hitzak salatuz eginiko panfletoak kaleetan ikusteak, Erdi Aroko azokara joan eta postu gehienetan arrazakeriaren aurkako karteltxo bana dutela ikusteak, akaso etorkizunean horrelako artikulu bat idazteko arrazoirik aurkituko ez dudala pentsatzeak…

 

Hemendik aurrera, beraz, hitz berri bi gehituko dizkiot nire hiztegiari: herrimin eta herripoz. Jendearen aurreiritziak aldatzeko gutxi egin badezaket ere, horrela, gutxienez, euskara loditu eta osotu aldera nire harri-koskorra jarriko baitut!

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide