Egia esan, Naiara inoiz izan dugun andereñorik guaiena da. Iaztik, hirugarren mailatik, gaude berarekin eta gauza mordoa irakatsi dizkigu. Aste honetan, esaterako, animaliak ikasten aritu gara eta gaurko etxerako lan dibertigarri bat genuen: zein animalia izatea gustatuko litzaiguken erabaki behar genuen.
Ume guztiok gelara sartu eta geure lekuetan eseri garenean, Naiara hitz egiten hasi zaigu:
̶ Egun on denoi. Zer moduz zaudete? Norbait falta al da? Marta? Bai, egun bi daramatza gaixorik. Tira, eta etxeko-lanak egin al dituzue? Oso ondo. Ea ba, Mikel, esan, zein animalia izatea gustatuko litzaizuke?
Mikel serio-serio jarri da eta ahots ozenez esan du:
- Nik txoria izan nahiko nuke guztia airetik ikusi ahal izateko eta Amerikara joan ahal izateko.
- Oso ondo Mikel, eta zuk, María, zein animalia izan nahiko zenuke? - esan du andereñok.
- Ez dakit, ez nago seguru- erantzun du Maríak.
̶- Alde batetik txakurra izan nahiko nuke, egun osoa jolasten pasatzeko, Pintto, nire osabaren txakurra bezala. Bestetik, erlea izan nahiko nuke, eztia egin ahal izateko.
- Ondo pentsatua María.
Ondoren, nire txanda iritsi da:
- Nik oiloa izan nahiko nuke, egunero arrautza bat jartzeko. Horrela, gosea dudanean ez dut janaria prestatu beharko, arrautza hori jan ahal izango dudalako.
- Bai? Oiloek arrautzak jaten al dituzte? - galdetu du harrituta andereño Naiarak.
- Bai! Nire aitonaren oiloek arrautzak jaten dituzte eta horregatik aitonak gezurretako arrautza gogor bat jarri die!- esan du bat-batean Beñatek.
- A ze suertea! Nahi dutenean tortilla prestatu dezakete!- bota du orduan Andonik.
Barre algaraka hasi da andereñoa. Badirudi gure burutazioek grazia egin diotela. Era berean, Naiararen barreak Andoni animatu du eta bere burutazio txoroekin jarraitu du.
- Oiloak, gainera, ez badu txitarik eduki nahi, tortilla jan eta listo!- esan du Andonik.
Bat-batean zerbait arraroa gertatu da. Andereñok eskua sabelean jarri du eta begiak malkoz busti zaizkio. Leihora hurbildu eta ahopean hauxe esan du:
- Oiloa izango banintz nik ere horixe egingo nuke. Baina oilategiko oilarrek erabaki dute txitak nahi eta nahiez ez eduki behar ditugula, oiloak oilo garela eta erabakitzeko aukerarik ez dugula!