Maitasuna izango ote da sentitzen dudan hori? Hala bada, maitasun platonikoa behar du izan, oraindik ez dudalako berarekin hitz egiterik lortu. Beno, bai, aurrekoan bi hitz esan zizkidan: kaixo eta agur. Ados, ez da gehiegi, baina gustuko dudan neskaren batek inoiz esan didan gehiena da. Dena dela, datorren astean irtenaldia dugu eta, guztia nik kalkulatu bezala ateratzen bada, autobusean beragandik gertu eseriko naiz eta agian zerbait esateko aukera izango dut.
Eta noski, kontu horiekin guztiekin buruan, nola ikasi matematika?
Baina Davidek badaki amak eta aitak ez dutela hori ulertuko. Ziurrenik ez dira gai haien semea maiteminduta dagoela ikusteko; neska haren erruz bere lagun minenarekin haserretu dela jakiteko; matematika, historia eta beste ikasgai guztiak bost axola zaizkiola ulertzeko. Bestela esanda, haiek ere nerabe izan zirela ahaztu dute gurasoek.
Hemendik urte gutxitara Davidek nerabea izateari utziko dio eta orain sentitzen duen guztia hutsaren hurrengoa irudituko zaio. Gizakion bizilegea. Ordua iritsi bitartean, bere gelan arratsalde luzeak pasako ditu Sum 41en abesti bera behin eta berriz entzuten. Zer dioen oso ondo ez du ulertzen, “I want you to know… nanana… I won’t let this go…”, baina zerbait berezia sentiarazten dio. Maitasun kontuak izango dira.
Anaia alboan izango balu trantzea gainditzen lagunduko lioke, seguru. Baina krisia dela eta ezin izan du lanik topatu eta Alemaniara joan da etorkizun oparo baten bila. Hala ere, Davidek aurrera egingo du, dudarik gabe, guztiok egin genuen bezala. Azken batean, guztiok izan gara nerabe eta hark sentitzen duen bera sentitu dugu noizbait.
Jada ordubete darama Davidek bankuan eta etxera joatea erabaki du. Entzun beharrekoak entzungo ditu eta kitto! Nolanahi ere, nekez lortuko du gurasoen errietak Daviden barrena orain baino okerrago sentiaraztea. Beraz, etxeko atea ireki eta sukalderako bidea hartu du, hantxe aurkituko baitu ama.
Eta hantxe dago ama, negar batean. Anaiaren berri izan du duela ordubete. Anaiaren heriotzaren berri. Bart goizaldean Ceutako hesia igarotzen saiatu omen da anaia, beste 200 pertsonekin batera. Ezinezkoa izango zitzaiela ikusirik, hainbatek Ceutako El Tarajal hondartzara igerian iristen saiatu dira. Espainiako Guardia Zibilak gomazko pilotak jaurti dizkie eta anaiak eta beste hamalau lagunek ez dute lortu uretatik bizirik ateratzea.
David ez da David Agirre, ez eta David Fernandez ere, David Abdoulaye Dembele baizik. Malin bizi da eta, behar bada, egunen batean anaiaren urratsei jarraituko die. Zorte ona badu eskuko zorroak edota DVDak saltzen aterako du bizimodua aurrera; zorte txarra badu Ceutako edota Espainiako hegoaldeko edozein hilerritan amaituko du, izenik gabeko hilobi batean. Eta edonola ere, David izaten jarraituko du, maitemindutako David, gurasoen errietaren beldur den David, ametsez beteriko David. Soilik David. Nerabe bat, azken finean. Pertsona bat.
Ez dezagun inoiz ahaztu.