Gutuna munduaren gailurretik

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Etxezarreta 2013ko aza. 25a, 10:10

Nire bihotzeko kuttuna:

Munduaren gailurretik idazten dizut, ametsak egia bihurtzen diren parajetik. Mundua nire oinetan dudala senti dezaket, nahiz eta hemendik ez den ezer ikusten, egunsentiko behe-lainoa elurraren zuritasunarekin nahasten baita.

Hotza egiten du, hotz handia. Bihotzaren epeltasunak egoera eramangarriagoa  egiten laguntzen dit, soinean daramadana ez baita nahikoa egunsenti izoztu honi aurre egiteko. Hala ere, pozik nago, oso pozik. Gau gogorra izan den arren, goizeko lehen argitasuna ikustea lortu dut. Bizirik nago. Gaude. Alboan dudan laguna ere bizirik dago.

 

Eguraldiak ezustean harrapatu gaitu. Udazken hasierako tenperatura goxoak elur ekaitza bihurtu dira gauetik egunera eta gure asmoak bertan behera geratu dira.

Bart gaua atari zabalean igarotzea erabaki genuen, lehenengo eguzki izpiekin batera martxan jarri ahal izateko. Gaua iristean tenperatura bat-batean jaitsi zen. Aterpetxerako bidea hartzea zen aukeretako bat, baina urrunegi geunden eta barnetik zetorkidan sentimenduak bertan geratzeko  agintzen zidan. Inguruan genuenarekin aterpe moduko bat egin eta bertan pasa dugu gaua, nire bizitzako gaurik luzeena.

Baina guzti horrek jada ez du inporta. Bizirik nago eta hori da garrantzitsuena. Beste egun bat dut bizitzaz aprobetxatzeko, bizitzaz gozatzeko.

Hala ere, ez kezkatu, gaur gauerako aterperen bat bilatuko dugu.


Maitasun handiz,

Zure bihotzeko kuttuna


PD: Nire burua aurkeztea ahaztu zait, baina uste dut badakizula nor naizen. Edo behar bada ez. Duela zazpi urte Gasteizko kaleetan bizi nahiz. Kalean, bai. Eskale, arlote, etxegabe eta beste mila izen ditut, baina ni naiz, ni neu. Egunero lanera zoazela banku berdinean ikusten duzuna, edo agian albotik ez pasatzearren zure bidea aldaraztera zaramatzan hori.


Izen asko eta beste hainbat aurpegi izan ditzaket, 250 zehazki. Horiexek baikara Bilbo, Donostia zein Gasteizko kaleetan lo egiten dugunon kopurua. 250 aurpegi ezberdin baina begirada bakar bat: gizarteak nahi ez duenaren begirada.

Barkatu une batez engainatu bazaitut, beste norbait nintzela pentsarazi badizut. Ados, zurekin jolastu nahi izan dut eta behar bada lortu dut. Ziurrenik mendizalea nintzela pentsatu duzu, Alpeetako gailurren bat igotzera nindoala. Baina guztia zure imajinazioa izan da, abentura zirraragarria entzuteko zure irrika. Eta nire bizitza abentura bat da, baina ez  entzutea espero zenuena.


Hala ere, uler nazazu, nor naizen hasieratik esan izan banizu ez zenukeen nire historia begi berdinekin irakurriko,  ez zenukeen hotza zure azalean sentituko, ez zenukeen gailur elurtuekin amestuko, ez zenukeen mendizalea zu zeu zarela desiratuko. Pena sentituko zenuke, pena baino ez. Eta horixe da nahi ez dudana.


Nik neuk erabaki dut kalean bizitzea eta aterpetxera gau hotzenetan baino ez joatea. Ez pentsa eroa naizenik, ondo pentsatutako erabakia izan baita, edo bizitzak danbateko asko eman ostean hartutakoa. Agian egoera honetara krisiak ekarri nauela pentsatuko duzu, eta zuzen zaude. Baina ez da krisi ekonomikoa izan kalean utzi nauena, gizartearen krisia baizik. Gainontzeko sagarrak salbatzearren ustela saskitik kentzearen krisia, sisteman enkajatu ez duena alboratzearen krisia.


Hala ere, ez nago haserre, ezta triste ere. Pozik nago, oso pozik. Gauaren hoztasuna gainditu eta egunsentia berriz ere ikustea lortu dudalako. Bizirik nagoelako eta bizirik zaudelako. Une batez pena ez den zerbait sentiarazi dizudalako eta bihar goizean nire albotik igarotzean zure barruak beste zerbait esango dizulako.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide