Baina ez pentsa hori denik kotxea etxean uztea erabakitzen dugunok jasan beharreko bakarra, kontuak ez baitu hobera egiten bizikleta hartuz gero. Jakina da oinezko askori bidegorria paseatzeko leku bikaina iruditzen zaiela ―baliteke urriak izanagatik preziatuagoak iruditzea― eta bizikleten bideak zabor edukiontzientzat kokaleku paregabea ere badirela. Baina hori gutxi balitz, laster indarrean egongo den Gasteizko Hiri Antolakuntzarako Plangintza Orokorrak bizikletentzako espazioak erregulatuko dituen edo, hobe esanda, txirrindulariei hainbat espaloitatik joatea debekatuko die.
Gauzak horrela, hemendik aurrera txirrindulariak errepidetik joan beharko dira autoentzako gehienezko abiadura ustez ―udalaren ustez bai, ez ordea auto gidarien ustez― 30 km/h-ko den kaleetan. Beraz, bizikletaz ibiltzea jada ez da aspergarria izango, oso entretenigarria baizik, norbera aurreratzen saiatzen diren autoak, bigarren ilaran aparkatutakoak edota autoen abiadura moteltzeko sakanguneak saihesten aritu beharko baikara txirrindulariok. Hitz gutxitan, Gasteiztik bizikletaz ibiltzea oztopo-lasterketa bikaina bihurtuko da!
Hala ere, txirrindulari maiteok, ez kezkatu emozio bortitzak gustuko ez badituzue, udalak zuentzat beste proposamen bat baitu: tranbiaren bideak erabiltzea. Aukera hau lasaiagoa izango da, dudarik ez. Baina kontuz! Mendiko bizikleta eraman! Tranbidearen zati batzuk belarrez estalita baitaude!
Beraz, baliteke Hiri Antolakuntzarako Plangintzaren helburua gasteiztarron bizitzari gatz eta piper pixka bat jartzea izatea. Nik, aukeran, Botellaren gomendioari jarraitu eta kafesne erlaxantea hartzea nahiago, zebrabide erdian bada ere!