Txalorik ez erasotzaileentzat

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Itaia 2026ko otsailaren 28a

Posizionatzeko garaia da: erasotzaileen konplize izan edo matxismoaren aurka borrokatu.

Zazpigarren minutuak jo zuenean, hainbat eta hainbat pertsona eserlekutik altxatu eta indarrez txalotu zuten Kurucs jokalaria. 2019an bikotekidea lepotik hartu, itotzen saiatu, kolpatu eta hozka egiteagatik atxilotu zuten, eta fiskaltzarekin akordio batera iritsi ondoren, etxeko indarkeriagatik 16 asteko programa batean parte hartu behar izan zuen (AEBn genero-indarkeria ez baita juridikoki existitzen) eta urruntze-agindua ezarri zioten. Dena den, NBAn eta, geroago, Euroligan normaltasun osoz jokatzen jarraitu du. Salaketa batek bizitza zapuztu dezakeela uste dutenen aurrean, hori da halako salaketa batek posizio pribilegiatuan dagoen gizon baten bizitzan duen eragina: zero.

Kirolaren munduan, beste esparru batzuetan bezala, sarri gertatzen da emakumeon aurkako indarkeria egikaritu duten kirolariek lan-ibilbidearekin normaltasun osoz jarraitzea: Dani Alves, Achraf Hakimi edota azken egunotan aditzera eman den Athleticeko jokalari batek bortxaketa kasu batean bete duen papera dira horren adibide.

Jokalari hauen ekintzak zein jarrerak ez dira maila pribatuan gelditzen: gazte askorentzat eredu dira. Eta gizarteari mezu argi bat bidaltzen zaio: indarkeria matxistak ez du erasotzaileentzat ondorio sozialik. Kontrara, elkarren arteko babes eta konplizitatea badagoela erakusten da («Rodi, you are better than five idiots», adierazi zuen entrenatzaileak).

Kirola ez da gizarteko problematiketatik kanpo geratzen den oasi bat, eta kirolari baten errendimenduak edo jokaldiek ez dute aitzakiarik ematen muga moralik gabe jarduteko. Zaletuak ez dira itsuak: kanpoko jokalari bat erasotzailea denean, txistu egiten diote; baina Baskoniakoa denean, txalo. Jokalaria zure taldekoa denean, edozein argudiok balio du haren aurpegia zuritzeko. Horrela, azken egunetan sareetan zalantzan jarri da salaketaren beraren egiazkotasuna eta, gainera, barkatu beharko litzaiokeela defendatu da.

Baina posible al da egituraz matxista den gizarte batean erasotzaile baten benetako birgizarteratzea? Are gehiago, norbaitek Kurucsen ahotik entzun al du egindakoaren inguruko autokritikarik eta aldaketarako borondaterik? Kontrara, gertatutakoaren aurrean, harrotasunez adierazi du: «Jarraitu hitz egiten; Buesan gutxienez beste bi urtez ikusi beharko nauzue». Eta emakumeon hitza zalantzan jartzen dutenentzat: zenbat froga behar dira eraso bat egon dela ziurtatzeko? Norbaitek benetan uste du prozesu mingarri hori bizi nahi dugula kapritxo soilagatik?

Hala, zazpigarren minutuan Buesa Arena txaloz bete zen. Zer mezu ari gara bidaltzen zaletuek erasotzaile bat txalotzen dutenean? Txaloak, gainera, ez ziren taldeari egindako ekarpenaren ondorio, baizik eta bera pertsonalki babesteko egin ziren. Horra hor erasotzaileen inpunitatea.

Urteak dira matxismoaren normalizazioa gertatzen ari dela, izan ere, gure artean onartu dugu, eta erasoak daudenean ez gara asaldatzen. Horrek ere modu argian desmobilizazioa eragin du. Baina indarkeria matxista egon badago, eta horri bizkarra ematea errealitate hori sufritzen duten emakumeei bizkarra ematea da.

Beharrezkoa da modu irmoan erasotzaileek duten inpunitatea seinalatzea. Horregatik, Koparen ospakizunean zein Buesa Arenan egun hartan askok egin zuten bezala, ezin gara isilik gelditu. Posizionatzeko garaia da: erasotzaileen konplize izan edo matxismoaren aurka borrokatu. Guk argi dugu kirolean zein bizitzako esparru guztietan, egunerokoan eta martxoaren 8an, estadioa zein kaleak matxismoaren aurkako oihuz bete behar ditugula.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago