Gasteizko epaitegiak Askabide klinikaren aurrean bertara abortatzera zihoazen emakumeak jazartzen aritu diren 21 antiabortistak absolbitu dituela jakin genuen atzo. Hirian ohikoa bilakatu den irudia da talde horrek azken urteetan egindako elkarretaratzeak. Dena den, horiek izan duten helburu bakarra argia da: emakumeak eta klinikako langileak kriminalizatzea.
Kontrara, epaitegiek zein poliziak behin eta berriro hartutako neurriek emakumeoi mesederik ez digute egiten. Izan ere, emakumeon interesen aurka, gure babesa eta ongizatea alboratu dira; are gehiago kontuan izanda abortuaren inguruan dagoen estigmatizazioa eta presio soziala. Eta, gainera, azken sententzia horri esker, protestak are lasaiago eta inpunitate osoz aurrera eramateko baldintzak ezarri dira.
Hori ez da, ordea, abortu eskubidearen alde borrokatzeko dugun bakarra. Osasun sistema interes ekonomikoen menpe dago egun. EAEn egindako abortuen %95a zentro pribatuetan egiten da. Hau da, osasun sistema publikoan eman zitekeen zerbitzua kanpora atera eta enpresa pribatuek eramaten dute aurrera, Osakidetzak finantzatuta. Edo beste era batera esanda, emakumeon osasunaren kontura etekin ekonomikoak lortzea helburu duten enpresak diru-publikoaren bidez ari dira poltsikoak betetzen. Horrek abortua kalitatezkoa eta unibertsala izatea eragozten du.
Behinola lorturik ziruditen eskubide formalek eskuetatik ihes egiteko arriskua etengabea da. Horregatik, abortu eskubidearen aldeko borroka ere gurera ekarri behar dugu. Egun bizi dugun zerbitzu-publikoen desmantelamenduaren eta pribatizazioaren aurrean, beharrezkoa da paper errea diren neurrien ezintasuna seinalatzea eta errentagarritasun ekonomikoan oinarritutako osasun sistemarekin amaitzea.
Ondorioz, abortu eskubidearen aldeko borroka bi norabidetan kokatzen dugu. Batetik, eskubide hau urratzen duen neurri orori zein abortuaren aurkako posizionamendu erreakzionarioei aurre egitea dagokigu. Eta, bestetik, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den abortuaren alde egitea dagokigu.
Zentzu horretan, datorren ostiralean, abenduaren 12an, 19:00etan Correos aurrean (Postas Kalean) mobilizatzeko deia luzatu nahi dugu.
Abortu eskubidea defendatu! Emakumeon aurkako kriminalizaziorik ez!