Sexu esplotazio sare bat atzeman dute Euskal Herriko hainbat hiritan, horien artean Gasteizen. Gutxienez 34 emakume migrante behartzen zituzten prostituzioan aritzera, iruzur egin eta hainbat herrialdetatik Espainiako Estatura mugitzera bultzatu ostean. Eta hori ez da azken urtean argira atera den kasu bakarra, urrian ere hainbat emakume prostituitzera behartzen zituzten 3 pertsona atxilotu zituzten gure hirian.
Gaur gaurkoz sexu esplotazioa miloika emakume langileren errealitatea da mundu osoan zehar. Izan ere, emakume askok beren biziraupena bermatzeko baliabide ekonomikoak eskuratzeko zailtasunak dituzte eta ondorioz, prostituziora jo behar izaten dute, eta horietatik asko esplotazio sareetan kateatuta iristen dira prostituziora: beren etxeetatik ateratzera behartuak, mehatxatuak, jipoituak eta bortxatuak. Gainera, krisi kapitalistaren eraginez, gero eta emakume gehiago dira zaurgarritasun egoeran daudenak, pobretze prozesu orokortuaren ondorioz.
Kapitalistek egoera hori baliatzen dute sexu-merkatua indartu eta horretatik milioka eta milioika euroko irabazi ekonomikoak eskuratzeko. Gainera, “legez kontrako” ekonomia zirkuitu horiek instituzio burgesen konplizitatearekin mantentzen dira: poliziaren, migrazio kontrolen, epaileen zein hainbat herrialdeetako politika neurri ezberdinen bidez, besteak beste.
Indarkeria sistematiko hau modu ezkutukoan gauzatzen da, eta horren adibide da egun hauetan Euskal Herrian gertatutakoa. Beste alde batera begiratzea ez da aukera bat, guztion ardura da sexu-esplotazio sareen aurka borrokatzea.
Sexu-esplotazioarekin amaitzeko, beharrezkoa da kapitalismoarekin eta horrek sortzen dituen desberdintasun sozialekin amaitzea. Horregatik, gaurdanik guztiok kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berdinak izan ditzagun borrokatu behar dugu. Hau da, indarkeria gordin honekin amaitzeko bidean lan egin behar dugu, emakume langileon miseriazko baldintzen eta egoera horretatik etekinak metatzen dituen sexu-merkatuaren aurka borrokatuz, bai eta merkatu horren konplize orori aurre eginez.