Atzoko eta gaurko borrokak: Emakume langileok lehen lerrora!

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Itaia 2025ko ots. 26a, 09:38

Gasteizko Itaiatik antolatu dugun erakusketa Antzoki Tabernan (IAK) egongo da ikusgai martxoaren 6tik 9ra. Ostegunean, gainera, inaugurazioa izango dugu 19:00etan.

1976ko otsailaren 26an 3.000 emakume inguruk Gasteiz poltsa hutsekin zeharkatu zuten, bizitzaren garestitzea eta soldaten izoztea salatzeko, besteak beste. Hiria eta kaleak aldatu diren arren, langile klasearen pobretze orokortua bizi dugu egun ere:  prezioek gora egin dute, lan baldintzek okerrera, eta eskubide sozial eta politikoek atzera.

Egoera are larriagoa da emakume langileen kasuan. Lanaren banaketa bortitzak eta bigarren mailako subjektutzat hartzeak aitortza sozial eta ekonomiko baxuko lan-sektoreetara eta, beraz, bizi maila prekarioetara kondenatzen gaitu.

Era berean, jakin badakigu lortu diren aurrerapen ekonomiko eta politikoek langile mugimenduaren antolakuntzan eta borroka esperientzietan dutela oinarri. Eta azken horiek ez direla posible emakume langileon parte hartze aktiborik gabe. Hala erakutsi ziguten 1910ean Kopenhagen egindako Emakume Sozialisten Internazionalaren bigarren Konferentzian ere, zeinetan Zetkinek mundu mailako emakume langilearen eguna antolatzea proposatu zuen, langile-klasearen borrokarako elementu gisa.

Gasteiztarrontzat ezinbestekoak diren bi deialdi ditugu hurrengo astean. Horregatik, langile borroka independentearen beharra aldarrikatzeko tartea hartu nahi izan dugu. Eta, horrekin batera, emakume langileok lehen lerroan egotea nahitaezkoa da. Horretarako, emakumeon parte hartze politikorako baldintzak sortu behar ditugu, eta, aldi berean, emakumeon aitortza politikoa ziurtatzeko kontzientziazio lana burutu behar dugu. Are gehiago faxismoaren gorakada bizi dugun garai hauetan, zeinak matxismoa ukatu eta gure kontra egiten duen zuzen-zuzenean.

Emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko bidea eraiki nahi dugu, atzoko borroketan aritu ziren emakume iraultzaileen borroka ere geure eginez; martxoaren 3ko emakumeen hitzetan: “Gure borroka ez da amaitu. Helburua lortu behar dugu: bestelako gizarte bat eraikitzea, askea eta justua. Oraindik asko dago egiteko”.

Gure hiriko emakume langileon antolaketa politikoa zein borrokak omendu asmoz, erakusketa antolatu dugu Antzoki Tabernan (IAK) martxoaren 6tik 9ra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago