Gosaldu bitartean ireki dut egunkaria. Gaur, iloba urte luzez bortxatu duen gizonaren aurkako epaiketa. Atzo, argitara atera zen prostituzio-sarea. Herenegun, erailketa matxista saiakera bat Pasaian. Baina isilik daude paretak, haizea eta kaleak.
Bart gaueko jai-giroan gainera etorri zitzaidan Mikel. Eta, orain ere, What'sApp taldean inork ez du ezer idatzi. Ziur mozkor zegoela. Ziur ez zuela fede txarrez egin. Inork ez du ezer esango; isiltasuna berriz.
Lanera bidean, autobusean batek dio "gure emakumeak bortxatzera datoz hona". Gure... Datoz... Eta airea pisutsua bilakatu den arren, hitzik ez da hura moztuko duenik.
Eta horrela ari gara normalizatzen egunerokoan sufritzen dugun indarkeria matxista, diskurtso erreakzionarioen eskutik. Lehenik, ideia horiek matxismoa eta, beraz, emakumeon zapalkuntza bera ukatzen dutelako. Pairatzen ditugun erasoak ausazkoak direla defendatzen dute; hau da, ez omen gara emakume izate hutsagatik erasotuak. Areago, salaketa-faltsuak omen dira arazo; eta, hala, erasotzaileak jartzen dituzte
biktimatzat.
Bestalde, hainbeste ukatzen duten indarkeria matxista darabilte diskurtso erabat arrazistak zabaltzeko, gizartean beldurra eragiteko eta migratzaileak kriminalizatzeko. Horrela, segurtasun-ezaren argudioa erabiltzen dute indar-polizialak sustatu eta lege autoritarioak ezartzeko.
Bien bitarean, isiltasuna gailentzen den honetan, gero eta gehiago dira onartzen ditugun erasoak: erasotzaileen aldeko babesa eta hauen inpunitate soziala zabaltzen ari dira.
Kontrara, jakin badakigu indarkeria matxista badagoela eta egiturazko zapalkuntza bat duela oinarri. Jakin badakigu hura ukatzeak gure zapaldu egoera betikotzen duela. Jakin badakigu erasotzaileek hamaika aurpegi dituztela, eta kolektibo bat seinalatuz fokua aldendu egiten dugula. Jakin badakigu, ere, erasoen aurkako erantzunak irmoak izan behar dutela.
Eta, horregatik, erroko erantzuna behar dugu. Urgentziazkoa dugu diskurtso matxisten eta faxisten aurka borrokatu eta sektore zaurgarrienen defentsa egitea; baita desatxikimendua nagusi den garaiotan, borrokatzeko eta antolatzeko bitartekoak eskaintzea.
Esanak esan, zapalkuntzarik gabeko eta guztiok bizi baldintza berdinak izateko gizartea, hau da, etika berri bat eraikitzera bidean hiru egiteko argi ditugu: emakumeon babes soziala antolatzea, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzea, eta matxismoaren aurkako kontzientziazioa egitea.
Azaroak 25 gertu dugun honetan, aldarri hauek hartu eta gurekin mobilizatzeko gonbidapena luzatu nahi dugu. Diskurtso matxista eta erreakzionarioen aurka.
Erasotzaileen inpunitatearen kontra. Emakume langileon interesen alde.
18:30
Virgen Blanca