Merkatu-aukera berri bat ari da indartzen Araban: zaintzarena, hain zuzen. Izan ere, zahartze-demografikoa dela-eta, gero eta beharrezkoagoak dira zerbitzu horiek. Dena den, krisiaren eraginez, zerbitzuen kalitateak okerrera egin du, horien pribatizazioa dela-eta kasu gehienetan. Egun, Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuaren datuen arabera, Hego Euskal Herriko egoitza plazen ia % 72 titulartasun pribatukoa da; Araban % 75 inguru.
Hala, zaintzari buruz ari garenean, funts putreei buruz, espekulazioari buruz, adinekoen bizitzen instrumentalizazioari buruz, instituzioen ezintasunari buruz, langile klasearen bizi zein lan baldintzen aurkako ofentsibari buruz eta, finean, errentagarritasun ekonomikoari buruz hitz egin behar dugu.
Hori guztia agerikoa da makroerresidentzien kasuan. Gasteizen 100 plazatik gorako 7 makroerresidentzia daude. Eta beste hiru ari dira eraikitzen: Salburuako Arabarren (Mondragon taldeko Krean kooperatiba eta IMQ Igurcoren gidaritzapean), Txagorritxu ospitale alboko egoitza (Vitalitas-Vitalia enpresa) eta Zabalganakoa (Orpea multinazional frantsesaren eskuetan).
Urgentziazkoa dugu zaintzaren merkantilizazioarekin amaitzea, eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den zaintzaren alde antolatzea.
Nazioarteko zainketa-enpresa milioidunak sendo sartzen ari dira merkatu honetan eta ez da kasualitatea, izan ere, sektore honetako errentagarritasuna argia da, etekin ekonomikoa bermatua baitute. Araban, esaterako, DomusVi enpresa aipa genezake, Ariznabarrako (titulartasun publikoa) eta Gazalbideko erresidentziak kudeatzen dituena; DomusVik, 2022an, 749 milioi euroko irabaziak izan zituen Estatuan, eta bere funtsen zati handi bat Jerseyko paradisu fiskalera desbideratzen du.
Bien bitartean, instituzioek zein alderdi politikoek zaintza eredu berria dute ahotan. Arabako Foru Aldundiaren hitzetan, erresidentzia publikoei «bizitza berria» ematen ari dira «etxe baten antzekoak» izan daitezen; eta zentro berriak eraikiz, plaza gehiago sortuz, edota proiektu berritzaileak ezarriz «kalitatezko arreta» eskaintzen ari direla diote.
Baina errealitatea bestelakoa da. Iragartzen ari diren plaza berriak kontzertazio bidez sortzen dira; hots, ardura publikoa duten plazak dira baina titulartasun pribatuko erresidentziek kudeatuak. Zehazki, 55,2 milioi euro bideratuko dira datozen lau urteetan erresidentzia plazen kontzertaziorako. Horrez gain, saldu nahi diguten zaintza-sistema idiliko horren aurrean makroerresidentziak indartzen ari dira, eta punta-puntako egoitza berriak enpresa pribatuek kudeatzen dituzte (Arabarren makroerresidentziak, kasu).
Erabiltzaile zein langileentzako ondorioak lazgarriak dira. Ratio neurrigabeak eta material falta agerikoak dira. Erabiltzaileen beharrei modu indibidualean erantzuteko ezintasuna dago. Langileen kasuan, gainera, ez dagozkien lanak egin behar izaten dituzte, soldata baxuak jasotzen dituzte, eta zerbitzu-minimoen kopurua dela-eta, grebara jotzeko mugak izaten dituzte. Hau guztia, noski, zaintza kudeatzen duten enpresen interes ekonomikoak bermatze aldera: besteon miseriaren kontura betetzen dituzte poltsikoak.
Instituzioek, aldiz, eztabaida zerbitzuaren kudeaketara mugatzen dute, publikotasuna handituko dutela zin eginez. Inbertsio publikoak ordea, ez du zerbitzuaren eta bertako langileen baldintzen kalitatea ziurtatzen, gobernatzen duen alderdi politikoari interesatzen zaizkion enpresetara bideratzen baitute diru publiko hori (azpiegitura enpresak, enpresa teknologikoak, etab.).
Zentzu horretan, argi dugu zaintzaren krisia ez dela gizarte-politiketan egiten diren erreformekin konponduko. Kontrara, zaintza lanen egiturazko aldaketa eman behar da; hau da, zaintzak gizarte osoaren ardura izan behar du, eta ezin da enpresarien interesen arabera kudeatu. Bide horretan, urgentziazkoa dugu zaintzaren merkantilizazioarekin amaitzea, eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den zaintzaren alde antolatzea.
Gasteizko Itaia
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.