Iritzia

M8: mobilizatzeko hamaika arrazoi

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Itaia 2024ko mar. 5a, 07:30

Argazkia: Gasteizko Itaia

"Zaintzaren auzia joko elektoralistan txertatu dute alderdi ezkertiar zein eskuindarrek; paradigma antzuak proposatuz bozka batzuen truke".

1.015 emakume erasotu zituzten gutxienez 2023an, gizartea gero eta aurrerakoiagoa omen den honetan. Maialen erail zuen bere bikote ohiak maiatzean, instituzioetatik arrisku mailaren balorazio oker bat egin ostean. Erresidentzia pribatuak, kontzertatuak eta kooperatibak hedatzen ari dira, zaintza lanen pribatizazioak sektorearen merkantilizazioan sakontzen duen erakusle.

"Antolakuntzaren bitartez erantzungo diegu. Modu kolektiboan indarrak batuz. Finean, gizarte berri baten alde borrokatuz"

Bitartean, instituzioek egoera hau betikotzen dute. Politika lauso eta aldarrikapen hutsalekin zuritzen dute haien aurpegia. Orain, gainera, zaintzaren auzia joko elektoralistan txertatu dute alderdi ezkertiar zein eskuindarrek; paradigma antzuak proposatuz bozka batzuen truke.

Egoera honen aurrean, emakume langileok bigarren mailako subjektu izaten jarraitzen dugu, eta instituzioek egoera honekin amaitzeko duten ezintasunari eta enpresarien esplotazioari ez ezik, gizartean gero eta zabalduago dauden ideia matxista eta erreakzionarioei ere erantzun behar diegu.

Erantzun behar diegu indarkeria matxistaren forma berriei.
Erantzun behar diegu gure kuadrilletan inpunitate osoz jokatzen duten erasotzaileei.
Erantzun behar diogu lan sektore feminizatuetako langileen lan baldintzen okertzeari.
Erantzun behar diegu grebarako eskubiderik ez duten langileen eskubide politikoen urraketei.
Erantzun behar diegu gure gorputza merkantilizatuz aberasten diren enpresei.

Antolakuntzaren bitartez erantzungo diegu. Egiturazko arazoak seinalatuz eta haiei aurre egiteko proposamenak mahaigaineratuz. Modu kolektiboan indarrak batuz. Finean, gizarte berri baten alde borrokatuz, alegia.

Horregatik, borrokatuko dugu doakoak eta unibertsalak diren zerbitzuen alde.
Borrokatuko dugu guztiontzako kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinen alde.
Borrokatuko dugu emakume langileon askatasun errealaren alde.
Borrokatuko dugu etika berri baten alde.

Eta borrokatuko dugu emakume langileon interesak erdigunean jarriko dituen indar politiko independentearen alde.

Emakume langileok borrokara! Sozialismoa eraiki!

Martxoaren 8an, 18:30ean, Andra Mari Zuriaren plazan ikusiko dugu elkar. Batu borrokara!

Gasteizko Itaia

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago