Iritzia

Emakumeon sexualizazioa eta merkantilizazioa: askatasuna ala dominazioa?

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Itaia 2023ko mai. 24a, 13:00

"Emakumea kontsumorako objektu sexual gisa sozializatzearekin batera, haren aurkako biolentzia normalizatu egiten da".

Asko dira askatasun indibidualaren izenean justifikatzen diren eta emakumeon sexualizazioan zein merkantilizazioan sakontzen duten praktika zein fenomenoak: foku mediatikoan egon den alokairu sabelen merkatua, prostituzioa, pornografia edota batzuen ustez horren demokratizazioa ekarriko duten Onlyfans bezalako plataformak, besteak beste. Baina, zer dago horien atzean?

"Emakumeon arteko ezberdintasun ekonomikoek guztiz baldintzatzen dute bakoitzak bere babesa ziurtatzeko izango dituen mekanismoak"

Praktika horien aldeko diskurtsoek emakumearen sexualitatearen askapena aldarri gisa erabili eta bakoitzaren borondate indibidualean jartzen dute arreta. Horrela, emakumea objektu sexual gisa ulertzen duen ikuskeran sakondu egiten dute, baita askatasun indibiduala eskubide kolektiboen gainetik jarri ere.

Ondorioz, emakumea kontsumorako objektu sexual gisa sozializatzearekin batera, haren aurkako biolentzia normalizatu egiten da. Orduan, emakumeon arteko ezberdintasun ekonomikoek guztiz baldintzatzen dute bakoitzak bere babesa ziurtatzeko izango dituen mekanismoak, emakume langileok guztiz babesgabe geldituz.

Beraz, burgesiari ekoizpen adar berrien irekiera zein etekin ekonomikoen gorakada ahalbidetzen dizkion kulturak emakume langileon aurka egiten du hamaika modutara. Estetikaren industriaren hazkundearekin batera, aparientziarengatiko kezkak datoz. Eduki sexuala produzitzen duten enpresen zein horretarako aukera eskaintzen duten plataformen hedapenarekin batera, emakumeon iruditegi sexualizatua normalizatzen da, eta indarkeria matxista egunerokoan txertatzen da.

"Emakumeon iruditegi sexualizatua normalizatzen da, eta indarkeria matxista egunerokoan txertatzen da"

Horren guztiaren adierazle gisa, ondorengo datuak ditugu: Espainiako Estatuko mutil gazteen %70k pornografia kontsumitu du, eta gizonen %20k zerbitzu sexualengatik ordaindu du. Bitartean, emakumeen %21,7k eraso sexualen bat jasan du, eta 20 urtetik beherako nesken %14 sexu harremanak izateko presionatua sentitu da. Bestalde, elikadura jokabidearen nahasmenduak bikoiztu egin dira 2019tik Araban.

Hortaz, horrelako fenomenoek emakumeok askatzen gaituzte? Borondatearen izenean justifikatu daitezke? Eta, batez ere, zer ondorio dituzte emakume langileongan eta nortzuk dira horretatik etekinak ateratzen dituztenak?

Horretan sakontzeko, Itaiatik hainbat hitzaldi antolatu ditugu hiriburuetan. Gasteizen, zehazki, maiatzaren 27an dugu hitzordua, eguerdiko 12:00etan Landatxo Gizarte Etxean.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago