Azaroaren 25 honetan, edozein lekutan ikusiko ditugu berdintasunaren aldeko aldarriak. Eusko Jaurlaritzak zein alderdi politikoek egun hori aprobetxatuko dute txapa morea jarri eta emakumeon alde egiten duten lan guztia goresteko. Errealitatetik urrun, Gasteizen emakume langileon egoerak ez du hobera egin.
"Eusko Jaurlaritzak zein alderdi politikoek txapa morea jarri eta emakumeon alde egiten duten lan guztia goresteko aprobetxatuko dute"
Azken bi asteetan, esaterako, hiru eraso salatu dira: etxera bueltan zegoela erasotua izan zen emakumea, jazarpen mehatxuak jaso zituena edo, urruntze agindua urratuta, erasotua izan zen emakumea.
Arazo estruktural honen aurrean, Udalak zein Eusko Jaurlaritzak berdintasun politikak euren aurpegia garbitzeko erabiltzen dituztela argi daukagu. Nola ulertu ahal dugu bestela hainbeste emakume euren erasotzailearekin bizitzera behartuta egotea? Edo indarkeria jaso duten emakumeentzako babes etxebizitzak eta psikologia zerbitzuak kolapsatuta egotea? EAEn adibidez, "Ordainketa Bakarra" diru laguntza jasotzeko eskakizunen artean, epailearen ebazpen judizial bidez biktima izaera aitortua izatea, erasotzailearekin ez bizitzea edo erroldatua egon behar izatea daude, baldintza ekonomiko zein sozial zaurgarriak dituzten emakume langileak albo batera utziz.
Etxebizitzari dagokionez, Haurrak Zaintzeko Zentroetan (CAI), Gasteizen epe laburreko hamasei pertsonentzako laguntza eskaintzen dute, aurreko urtean 34 emakume eta 40 kargupeko artatu behar izan zituztenean. Edo arreta psikologiari dagokionean, zer pentsatuko dugu emakumeen larrialdi etxebizitzetan emakume guztiak artatzeko astero bi orduko laguntza psikologikoa soilik eskaintzen dutenean?
"Politika horiek ez dute emakume langilea babesteko baldintzarik sortzen"
Argi ikusten dugu, beraz, politika horiek ez dutela emakume langilea babesteko baldintzarik sortzen. Nahiz eta instituzioek politika feministak indartzeko inoizko aurrekonturik handiena planteatu duten, politika horien mugak ukaezinak dira. Eta ikustekoa da miseriazko bizi baldintzak egonkortzen eta ezartzen ari diren honetan zer gertatuko den ustez emakumeak babesteko ezartzen ari diren neurriekin.
Horregatik guztiagatik, Itaiatik mobilizazioa deituko dugu Gasteizen, azaroaren 25ean, 18:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki lemapean. Indarkeria matxista sostengatzen duten baldintza material eta sozialei aurre egin behar diegu, eta, horretarako, guztion ongizatea bermatuko duen gizarte eredua eraikitzeko antolatzea ezinbestekoa izango zaigu, ezin baitugu gure norabide politikoa zerbitzuen gestio soilera mugatu.
Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.