Emakume langileok sistema kapitalistan betetzen ditugun funtzioek gure bizi-eredua baldintzatzen dute, egiturazko pobreziara eta isolamendu sozial zein politikora bideratuz. Horrek sistema kapitalistaren baitan emakume langileon zapalkuntza betikotzea dakar, era horretan burgesiak bere etekinak handituz.
Hortaz, lan indarraren erreprodukzioan betetzen dugun paperak etxeko lanetara zuzentzen gaitu, eta horrek gure lan harremanen nolakotasuna baldintzatzen du. Izan ere, nahiz eta emakume langilea lan merkatuan txertatu, sektore eta lan harreman konkretuetan izaten da: soldata baxuak, lanaldi partzial zein ezegonkorrak, jazarpena, diskriminazioak...
"Nahiz eta emakume langilea lan merkatuan txertatu, sektore eta lan harreman konkretuetan izaten da"
Gainera, bizi dugun krisi testuinguruak baldintza horien okertzea ekarri(ko) du. Egoera itogarri honen adibide dira azken boladan sektore laboral feminizatu ezberdinetan aktibatu diren borrokak: haurtzaindegietako langileak, erresidentzietako langileak, EHUko garbitzaileak...
Araban ere egoera horren adibide ezberdinak aurki genitzake. Aipagarria da erresidentzietako langileen egoera: 2020ko datuen arabera, 977 euroko soldata dute (Gipuzkoa eta Bizkaian baina %17 baxuagoa), kualifikaturik ez dauden funtzioetara bideratuak dira, edonolako ratioekin lan egitera behartuak… hori asko okertu da, gainera, pandemiaren ondorioz.
Egoera antzekoa da bestelako sektore feminizatuetan: etxeko langileak —gehienak atzerritarrak izanik, gainera— , garbitzaileak, hezkuntza arloko hainbat sektore edo osasungintzan.
Bizi dugun egoera horrek —baldintza ekonomiko penagarriek— instituzio burgesekiko daukagun menpekotasuna handitzea eragiten du, instituzio publikoekiko (gizarte zerbitzuak, diru laguntzak...) zein senarrarekiko. Eta horrek, aipatu bezala, gure bizi eredua guztiz definitzen du, gure bizitzaren garapenerako muga nabarmenak ezarriz.
"Emakume langileok bizi dugun egoerak instituzio burgesekiko menpekotasuna handitzea eragiten du; instituzio publikoekiko zein senarrarekiko"
Hori dela eta, ezinbestekoa deritzogu emakume langileon errealitatearen oinarriak aztertu eta horri erantzuteko gaitasuna izango duen estrategia eraginkorrak martxan jartzea.
Baina horrek emakume langileok aktibo politiko izatea eskatzen du, eta, beraz, beharrezkoa dugu, geure lan eta bizi baldintzen hobekuntzen aldeko borroka zein tresnak martxan jarriz, gaitasun politikoak garatzea.
Zentzu horretan, eta martxoaren 8a gerturatzen ari den honetan, Gasteizko Itaiatik emakume langileon bizi ereduaren inguruko hausnarketarako espazioa antolatzea erabaki dugu, martxoaren 7an, 11:00etan Aldabe gizarte etxean.
Beraz, interesa duen edonor bertara gonbidatu nahi dugu. Bertan erresidentzietako langileekin eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen senideekin, euren bizipen zein borrokak ezagutzeko aukera izango dugu. Modu horretan, egoera horien analisi politiko bat egin eta emakume langileon interesen defentsan antolatzeko beharra azpimarratu nahi dugu.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.