Orain dela hilabete aurkeztu zen Itaia, Emakumeon Antolakunde Sozialista, emakume langileon askapen prozesuan ekarpena egiteko asmoz. Bide horretan, biolentzia matxistaren fenomenoa lantzeak urgentzia berezia du, eta azaroaren 25a datorren honetan, hainbat ideia eta ekimen mahaigaineratu ditugu.
Sistema kapitalistak berezkoa du biolentzia, izan modu zuzen edo zeharkako batean. Langileok, eta bereziki emakume langileok, ez dugu gure bizitzen erabakien gaineko kontrolik: besteentzat ordu luzez egunero lan egin behar izatea, etxeko lanek exijitzen duten lan karga aurrera eramatea, etxea edo lana galtzeko beldurrez bizitzea... Gizarte eredu honetan biolentzia forma ezberdinak erabat normalizaturik agertzen zaizkigu.
Emakume langileon kasuan, biolentzia forma gehigarri bat inposatzen zaigu: indarkeria matxista. Biolentzia forma horrekin, kapitalak ekonomikoki debaluatua eta sozialki subordinatua dagoen emakume langilearen figura betikotzen du, onura ekonomiko zein politikoak bermatuz. Bitartean, emakume langileon bizitzetan ondorio onartezinak eragiten ditu: emakume langileon pobrezia orokortua, instituzio edota senarrekiko dependentzia ekonomikoa, bigarren mailako subjektua izatea...
Halere, langile klase barneko figura ezberdinek egikaritzen dute askotan indarkeria matxista: senar autoritarioa, erasotzaile sexuala, laneko enkargatua… eta horien desagerpenerako borroka lehen lerroan ipini behar dugu.
Gasteizen argi ikusi dugu errealitate krudel hau, izan ere, ohikoak (izan) dira hainbat motatako erasoen albisteak. 2020. urtean jadanik 25 eraso salatu dira gutxienez, horien artean talde bortxaketa bat. Aldiz, argi dugu zifra horiek errealitatearen zati mugatu bati erantzuten diotela, eta, beraz, borroka honek gure jardunean izan beharreko garrantzia ukaezina da.
Hortaz, indarkeria matxistaren aurrean, Gasteizen ere gaitasun sozialistak antolatzeari ekin diogu. Denontzako bizi baldintza berdinak helburu izanik, emakume langileon gaineko biolentzia forma orori aurre egitea dagokigu. Horregatik, azaroaren 25ean, 18:00etan Andre Maria Zuriaren plazan egingo dugun kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.
Indarkeri matxistaren aurka antolatzen jarraitzen dugu. Auzi honen garrantzia azpimarratuz gurekin mobilizatzera animatzen zaituztegu!
— Gasteizko Itaia (@Itaia_Gasteiz) November 22, 2020
MOBILIZAZIOA
????Azaroak 25
????Andra Mari Zuriaren Plazan
⏱18:00etan pic.twitter.com/ca6bCDp9Lh