Badira pare bat urte Itaia Emakume Sozialisten Sareak bere jardunari hasiera eman zionetik, emakume langileon askapen prozesuan ekarpena egiteko asmoz. Ordutik, proposamen politiko eraginkorrena bilatu asmoz, lanketa ideologikoa erdigunean jarri dugu. Testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoak, aldiz, jauzi kualitatiboa ematera eraman gaitu.
"Testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoak jauzi kualitatiboa ematera eraman gaitu"
Egoera konkretuak eskatzen dituen beharretara egokituz, geure jardun politikorako saltoa eman dugu, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistari bide emanez. Modu horretan, eskualdez eskualde ditugun gaitasunen antolakuntzan lan egiteko hautua egin dugu. Eta Gasteizen ere hala egingo dugu.
Emakume langileon bizi baldintzak hobetuz, zapalkuntza guztiak gainditzeko proposamen politikoari ekarpena egitea dugu xede. Horretarako, emakume langileon zapalkuntzak bizi dugun errealitate sozialean betetzen dituen funtzioak ulerturik, Gasteizen agertzen diren zapalkuntza fenomenoei aurre egiteko borondate osoa adierazi nahi dugu. Eta ez dira gutxi azken denboran gurean etengabe albiste direnak: talde erasoak, bortxaketak, kale gorrian direnak, unibertsitateko garbitzaileak, erresidentzietako langileak eta albiste ez diren beste mila egoera miserable.
Hori dela eta, urriaren 30ean, 18:30ean, taldearen aurkezpena egingo dugu Baratza Aretoan. Taldearen jardunaren nondik norakoak ezagutu nahi dituen oro gonbidatu nahi dugu bertara, Gasteizen ere ditugun gaitasun guztiak antolatzen joan gaitezen.