14 urte bete berri ditu gure arteko sare sozialik ezagunenak. Harvard-eko Unibertsitateko gazte batzuek sortu zuten Facebook, bertako ikasleek elkar ezagutzeko. 2004ko otsailean jaio zen eta ordutik etengabe hazi da. Gaur egun 2.000 milioi pertsona sartzen dira hilabetero adiskideen artean argitalpenak partekatzera (argazkiak, testuak, estekak), eta marka ezberdinek, pertsonaia famatuek, hedabideek eta abarrek zer dioten ikustera.
Mark Zuckerberg presidentea kezkatuta dago: antza, gero eta denbora gutxiago pasatzen dugu Facebook barruan. Zergatik? Enpresek, hedabideek eta fan orrialdeek etengabe elkarbanatzen dituzte estekak, argazkiak, bideoak, eskaintza bereziak… Are okerrago, gero eta spam gehiago, fake news edo berri faltsu gehiago zabaltzen dira, dirudienez izenburua eta lehenbiziko hitzak bakarrik irakurtzen baititugu, espiritu kritikorik gabe. Zurrunbilo horretan zaila da zerbait interesgarria topatzea, eta erabiltzaileok aspertu egiten omen gara.
Baina badatoz aldaketak: itxura denez, algoritmoa moldatuko dute. Gure lagunek diotenak, tokiko komunikabideen argitalpenek, gure inguruko ekitaldiek eta gure inguruko gauzek izango dute lehentasuna Facebook berri honetan, eta bestelako publikazioak bigarren plano batera zokoratuko dira, ez ditugu hain maiz ikusiko, alegia. Facebook-en igarotzen dugun denbora emankorragoa izatea omen da helburua. Albiste txarrak enpresa eta markentzat, estrategia digitala optimizatu beharko baitute, publizitate aurrekontua handituta seguruenik.
Bestalde, hain da handia sare sozial hau, hainbeste informazio du, non gazteak aspertu egiten diren. 14-25 urte bitarteko erabiltzaileek stories formatua nahiago dute: argazki edota bideo laburrak, berehalakoak, une batekoak, 24 orduz bakarrik ikus daitezkeenak. Baina joera berri horretarako ere prest dago Zuckerberg: WhatsApp eta Instagram aplikazioak erosi zituen duela urte batzuk eta ordutik asko ikasi du. Beraz, belaunaldi berrien jokabide eta ohituretara moldatuko da zalantzarik gabe. Luzaroan izango dugu Facebook.