Iritzia

Lehenbizikoa

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2025eko irailaren 28a

Irudia: 'Las meninas'.

"Ez du galdu lehendabiziko aldiek gugan pizten duten harridura eta zirrara"

Carlos del Amor kazetariak pasarte eder-eder bat kontatzen du Una dama desconocida eleberrian. Prado museora joana da erreportaje bat grabatzera, Museoen Nazioarteko Eguna baita, eta hara non topatzen duen bisita gidatu bat, zahar etxe bateko egoiliarrez osatua. Horietako bat da 92 urteko Josefa. Josefak lehen aldia du Pradon, eta, hortaz, lehen aldiz ikusiko ditu, esaterako, Velazquez handiaren Meninak. Eta orduan konturatzen da kazetaria hortxe duela erreportajea, nekez aurkituko duela halako egun bat ospatzeko irudi iradokitzaileagorik. Josefari museoko areto nagusira lagundu, han baitaude Meninak, eta han uzten du, koadroaren aurrean. Lehenbiziko aldia du maisulan horren aurrean, eta hunkitu egiten da, noski. Nola ez da, ba hunkituko! Auskalo zenbat gauza ez ote dituen bizi izan Josefak! Zeinek esango zion, gainera, 92 urterekin, zerbait egingo zuela lehenbiziko aldiz? Ez du galdu lehenbiziko aldiek gugan pizten duten harridura eta zirrara, eta gauza handia da hori. Oraindik lehenbiziko aldiak badirela sinistuta gauden bitartean, aurrera egiteko heldulekutxo bat dugu. Ez dezagun, arren, ilusio hori galdu.

Gainera, ez dakit zein zegoen hunkituago, Josefa ala Carlos del Amor bera, hau da, zerbait lehenbiziko aldiz ikusten zuen horrek ala unearen lekuko zenak. Izan ere, lehenbiziko aldiekin gertatzen da aldebikoak direla nolabait, eta ondokoak ere sentitzen duela protagonista bere barnean bizitzen ari dena.

Dena den, pena da, gauza asko lehenbiziko aldiz esperimentatu genituelako txikitan, eta gehienetan ez dugulako oroitzen zer sentitu genuen une hartan. Baina gauza onek, gauza ederrek, zera dute: haietara itzultzen garen bakoitzean, agian ez dugula gozatuko lehenbiziko aldian bezala, baina geldituko dela, zorionez, arrasto bat. Horregatik jarraitu nahi dut ilunabarrak ikusten Sorginetxen, Amurrioko odolkiak jaten eta Arabako Errioxako ardoa edaten, Legairera igotzen, Markitos nola epaitzen duten ikusten edo Añanako gatzagak aho zabalik begiratzen. Baina, baita ere, gauza berriak ezagutzen eta haiekin lehenbiziko aldiz gozatzen. 

Irati Marañon.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago