Badira norberaren haurtzaroa markatu duten tokiak eta, ondorioz, bere paisaia sentimentalaren parte bilakatu direnak. Batzuek Kantabria aldeko herrietan igarotzen zuten uda (gure garaian Landetara joatea ez zegoen hain modan, ez behintzat Euskal Herriaren zati honetan). Beste batzuek gurasoen herrietara alde egiten zuten, hegoalderantz; toki eguzkitsuagoak izan ohi ziren. Eta bazen ere Mediterraneo aldeko oporleku masifikatuetara joaten zenik.
Batzuon gurasoak, ordea, oso mendizaleak ziren eta Pirinioetara jotzen zuten, inolako gupidarik izan gabe uztaileko edo abuztuko egun luze haiek hondartzan igaro nahi zituzten seme-alaba koittaduekin. Luzea izaten zen Jaka arteko bide hura. Orduko hartan ez zegoen autobiderik, eta Esako urtegia igarotzea odisea hutsa zen. Eskerrak ibilbidearen zati horri ekin aurretik nahitaez egiten genuela geldialdia errepide bazterrean zegoen jatetxe batean. Irunberri igaro eta gutxira, Irati ibaiak zizelkatutako arroila ederra atzean utzi eta hantxe agertzen zen, eskumatara, aparkaleku zabal bat, autoz josita egoten zena. Izan ere, garai hartan ez zegoen hainbeste furgonetarik. Asmatu duzue, bai, Ledeako "La torre" mitikoaz ari naiz. Zenbat txistorra pintxo eta zenbat kolakao ez ote ditugun hartu toki hartan. Zenbat mendizalerekin ez ote dugun topo egin hango mahaien bueltan. Zenbat aldiz ez ote garen joan hango komunetara. Ziur naiz Pirinioetara joan den orok ezagutuko duela "La torre", eta pentsatu nahi dut hango gosarietan hasi zirela gailurrekin amesten gerora euskal mendizaletasunari loria ekarriko ziotenak.
Gaur egun, autobidea egin zutenetik, desbideratu egin behar da hara iristeko, baina mendizaleek jarraitzen dute geldialdi "sakratua" egiten. Izan ere, ordua edozein dela ere, jana eta edana topatuko dituzu. Tokia ezer gutxi aldatu da urteotan; itxura dekadente samarra du, baina xarmaz josia. Uniformetasuna nagusi den honetan, eskertzen dira halako heldulekuak. Eskertzen dira haurtzaroarekin eta beste mundu ikuskera batekin lotzen zaituzten tokiak. Ez dezagun utz, arren, halako txokoak hiltzen