Bazterrak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2022ko eka. 11a, 10:00

"Hona hemen nire proposamen xumea, urteko sasoi bakoitzerako txoko bana"

Bizitzaren gorabeherak direla eta, maiz egin behar dut autoz Iruñea eta Amurrio arteko bidea. Ekialdetik mendebalderako bidaia bat (edo alderantziz), 100 km pasatxo eta tartean hamaika paisaia eta toki eder.

Izan ere, nahikoa da autobide zabaletik apur bat aldentzea zinez harrituko gaituzten txokoak aurkitzeko. Hona hemen nire proposamen xumea, urteko sasoi bakoitzerako bana.

Udarako, zalantzarik gabe, Sorginetxe trikuharria, Aguraindik oso gertu, Opakuako mendatera bidean. Nekez topatuko duzue toki ederragorik ilunabarra ikusteko. Eguna Legaireko saroian eman eta gero joango nintzateke Sorginetxera, eta han zain geratu eguzkia ezkutatu arte.

Udazkenerako toki bat baino gehiago etortzen zaizkit burura, eta ezinezkoa egiten zait bakarra aukeratzea. Horregatik gomendatzen dizkizuet hiru. Lehendabizi, Etxarri Aranazko haritz zaharren ibilbidea, herriko kanpinetik abiatuta. Bigarrenik, Altsasuko San Pedro ermitaren ingurua eta, hirugarrenik, Santa Marinara igotzea Iturmenditik. Hiru tokiotan gozatu ahal izango duzue udazkeneko koloreen magiaz. Ikuskizun paregabea, bai horixe.

Neguan, berriz, Altubeko ur-jauzietara ("Corraladas" deritze) eta Laminoxin urmaelera joango nintzateke. Lokatza egoten da, ados, baina urmaela lainopean ikusteak badu zerbait nordikotik eta neguko argiaren pean inoiz baino ederrago daude hango urak.

Udaberrirako, azkenik, Zadorraren iturburura joatea da plana. Eta handik bueltan Munaingo haritzei bisita egitea. Adi! Baten batek mila urtetik gora omen ditu eta.

Esandakoa: errepide nagusitik apur bat aldenduta topatuko dituzue txoko hauek. Hain gertu eta hain urrun. Ez daude agerian, baina zinez merezi du desbideratzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago