Kanonetik at

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2022ko mar. 12a, 10:00

Arg: EITB

"Kanon horretatik kanpo dagoena eskuratzeko, ahalegin berezia egin behar da"

"Araua, bereziki tradizioak edo gizartearen onespenak ezarria". "Eredu ideala". "Beren kalitate, originaltasun edo gai eta estilo ezaugarriengatik klasikotzat eta eredugarritzat hartzen diren literatura-lanen eta artelanen zerrenda". Horiek dira, besteak beste, Euskaltzaindiaren hiztegiak "kanon" hitzari ematen dizkion esanahiak.

Adiera guztiek dute bere baitan arauaren eta ereduaren ñabardura; batzuek erabakitakoaren araberako sailkapenean onena zer den definitzearena, alegia. Eta sailkapen horretatik kanpo dagoena ez da onargarria, ez da aski ona. Eta kanon horretatik kanpo dagoena eskuratzeko, ahalegin berezia egin behar da. Norberak arduratu behar du bilaketa hori egiteaz, kanona egiten dutenek eta kanon hori zabaltzeaz eta betikotzeaz arduratzen direnek ez baitiote erraztasunik emango.

Horixe gertatu da, hain zuzen ere, orain gutxira arte mendebaldeko kanon literarioarekin. Emakumeak, heteronormatiboak ez zirenak eta beste kontinenteetako eta hizkuntzetako autoreak, esaterako, ez zeuden kanon hartan, eta, hortaz, gehiengoarentzat ez ziren existitzen, ez ziren deus. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira eta badira espazioak non "beste horiei" ere merezi duten tokia ematen zaien. Bekie nire aitortza, zutabe honetatik, liburu-denda eta argitaletxe independenteei, zenbait liburutegi publikori, literatur taldeei…

Eta irudipena dut ez ote den antzeko zerbait gertatzen nazioarteko gatazken berri ematen duten hedabideekin. Hau da, gertakarien "eredu ideal" bat zabaltzen dela, eta horrekin bat egiten ez duen bertsioa jakin nahi izanez gero, hain dela handia egin beharreko ahalegina (ez baitago ageri-agerian), konformatu egiten garela esaten digutenarekin. Ez naiz inondik inora geopolitikan aditua, eta ez dut nire burua gai ikusten egunotan gertatzen ari dena (eta orain arte gertatu izan dena) behar bezala aztertu eta baloratzeko. Are gehiago, ez dut uste zilegi denik hori egitea munduko txoko honetako epeltasunetik, baina zenbat eta ikuspegi gehiago, zenbat eta askatasun gehiago, orduan eta hobeto, ezta?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago