Lehen etxe askotan izaten zuten baxera bat oso une edo ospakizun jakin batzuetan soilik erabiltzen zena. Ezteietako oparia izan ohi zen, eta han egoten zen egongelan gordea, ezkutatuta kasik, hautsa pilatzen. Eta sentsazioa daukat euskara ez ote den batzuetan okasio berezietarako gordetzen zen baxera hura bezalakoa. Hau da, egunerokoan ez dugu erabiltzen, baina demagun Ipar Euskal Herrira joaten garela egun-pasa edo Lesakako sanferminetara. Orduan, bai, orduan ateratzen dugu euskara tiraderatik eta bolo-bolo darabilgu. Gainera, bitxia da, guztiok egina dugulako buruan bereizketa bat euskaldunak diren eta ez diren eremuekin. Sestaon ez du merezi euskaraz egiteak, zeinek daki-eta euskaraz Sestaon? Eta zer esanik ez Gaubean. Ondarroan? Han bai, jakina. Eta Azpeitian? Han ere bai; zalantza egitea ere!
Zorionez, gauzak asko aldatu dira, eta egun adin batetik aurrerako euskal herritar askok dakite euskara, lehen baino puskaz gehiago. Berdin dio eskolan ikasi duten, euskaltegian, etxean… Beste kontu bat da zenbatek hitz egiten duen eguneroko bizitzan, zenbatek egin duen euskaraz bizitzearen aldeko hautua, eta hautu hori eginda zenbatek gauza dezaketen, ez baitira gutxi administrazioak jartzen dituen trabak. Dena den, euskararen biziraupenerako erantzukizun osoa ez da administrazioarena (administrazioena, hobe esanda). Haien ardurari ez diot garrantzirik kendu nahi, baina ukaezina da hiztunok ere badugula zeresana. Eta sinistuta nago egunerokotasuneko keinuak eta ohiturak aldatzean dagoela gakoa.
Saioa Alkaizak igandean irabazi zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta amaierako agurrean guraso erdaldunen seme-alaba euskaldunak aipatu zituen. Nire inguruko haurrek, gaur egun, zorte handia dute, guraso euskaldunak baitituzte, eta espero dut etorkizunean gure belaunaldikoek baino gehiago hitz egitea euskaraz. Kontua, baina, uste baino konplexuagoa da. Izan ere, ez nago ziur gure herrian, Amurrion, ni txikia nintzenean baino euskara gehiago entzuten den benetan. Eta nik ere badut erantzukizuna horretan, noski. Horrelakoetan, gogora etortzen zaizkit Andolin Eguzkitza hizkuntzalariak unibertsitatean esan zizkigunak: pertsona batekin lehendabiziko hartu-emana zer hizkuntzatan izaten duzun, hortik aurrera hizkuntza horretan mintzatuko zarela harekin, eta oso zaila izango dela hizkuntza hautua aldatzea. Arrazoia zuen, zaila da gero!
Euskarak, baina, iraungo badu, egunero erabiltzen den baxera bat izan beharko du. Eta hori guztion ardura da, gure gurasoak euskaldunak diren ala ez gorabehera.