Aurrekoan lankide batek iragarpen profetiko hau egin zuen: ikusita gure eskoletan nagusitzen ari den joera, eskuz idaztea hemendik gutxira desagertu egingo dela, alferrik irakatsiko zaie-eta haurrei ezertarako balioko ez dien gauza bat; izan ere, hori da, tamalez, gero eta jende gehienak uste duena. Gogoeta hark zer pentsatua eman zidan.
Nostalgiak jota, letrak idazten eta letra horiek lotzen nola irakatsi ziguten gogoratu nuen. Prozesu hark bazuen asko magikotik, ezta? Gogoan dut, esate baterako, "o" letra pirata bat zela; begiko partxea eta guzti, noski. "A", berriz, txirikordak zituen neskatila bat. Mundu gero eta digitalago eta gero eta uniformeago honetan, baina, ez omen dago tokirik piratentzat, eta are gutxiago fantasiarentzat.
Norberaren idazkera bakarra da, berezkoa, geure burua definitzeko modu bat. Besteengandik bereizten gaitu, ez baitago berdin-berdina den idazkerarik. Eskuz idazteari uzten badiogu, beraz, beste urrats bat ari gara ematen guztiok berdin nahi gaituen gizarte eredu baterantz.
Frogatuta dago, gainera, eskuz idaztea onuragarria dela garapen kognitiborako. Arreta lantzen laguntzen du, sormenaren eta oroimenaren akuilu da eta burmuinerako ona. Ortografia behar bezala ikasteko ere ezinbestekoa omen da.
Ez ezazue pentsa ordenagailua alde batera uztearen aldeko aldarria egiten ari naizenik. Ez dut uste teknologiari bizkarra emanda bizi behar dugunik, baina sinistuta nago oreka aurkitzean dagoela gakoa. Comic Sans edo Arial tipografiez soilik eraikitako mundu baten ordez, nahiago dut hamaika idazkeraz osatutako bat. Uniformetasunaren aurrean, aniztasuna.