Bajan daramatzat egun batzuk eta orain arte bi izan dira nire egunerokotasuneko protagonistak: liburuak eta Twin Peaks telesaila.
Bere garaian, telebistan eman zutenean, txikiegia nintzen, eta ez nuen ikusi. Lankide bat David Lynchen zale sutsua da, eta hark utzi dizkit telesailaren DVDak. Egunean kapitulu bat ikusten dut, ez gehiago, edukia (eta atmosfera bera) oso trinkoa da-eta. Esperientzia kitzikagarria izaten ari da, bai horixe!
Itzul gaitezen, baina, liburuetara. Askotariko gauzak ari naiz irakurtzen, baina uda sasoian gaudenez, utz iezadazue gaur egungo turismo eredua aldatu beharraz hausnartzera bultzatzen gaituen obra bat gomendatzen: Salvattore Settis italiarraren Si Venecia muere.
Gure hiriak (eta herriak) turismoari saltzeak dakarren ordainsariaz dihardu Settisek. Veneziaz hitz egiten du, hura baita, agian, gupidarik gabe zabaltzen ari den joeraren biktimarik adierazgarriena, baina Settisek aipatzen dituen sintomak eta ondorio lazgarriak munduko beste txoko askotan suma daitezke. Joera horren ezaugarriak hauexek dira: hiriguneak (eta alde zaharrak) hustea, auzokoek ezin dituzte-eta eskatzen dizkieten alokairuak ordaindu; tabernak, hotelak eta antzekoak zabaltzea nonahi; turistentzako soilik diren dendak paratzea eta zerbitzu publikoak desagerraraztea (Settik, esaterako, aipatzen du Veneziako hirigune historikotik pixkanaka-pixkanaka ari direla desagertzen ospitaleak, eskolak, postetxeak, udal-bulegoak eta abar). Azken finean, bizigarritasuna galtzeaz ari gara. Hirien bihotzak ez dira erakargarriak bertakoentzat, turistei begira diseinatu dira-eta. Ondorioz, jokaleku huts bilakatzen dira, atrezzo hutsala baino ez. Eta benetan al da hori gure hirietarako nahi duguna? Ez dago alternatibarik? Ba ez, antza, hori da-eta nagusitzen ari den eredua. Turismoari men egin, turismoak irents gaitzan. Ordaindu beharreko prezioa, baina, oso garestia da. Izan ere, Settisek dioen moduan, Venezia hilko balitz, hiriaren ideia bera ere hilko litzateke, hiria ulertuta, hain zuzen, bizitza soziala delakoa bultzatzeko eta zibilizazio modu berrietan eta demokrazian sakontzeko espazio ireki eta askotariko gisa. Ez dakit Veneziako egoerak atzera bueltarik daukan ala ez, agian beranduegi da eta betiko galdu du nortasuna. Ea, bada, gai garen eskala txikian eragiteko eta gureari, behintzat, eusteko.