Urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2021ko mar. 20a, 10:00

Arg: Alea

"Gaitza Txinan edo gehienez jota Italian geratuko zela pentsatu nuen, edo pentsatu nahi nuen"

Gustura idatziko nuke beste zerbaiti buruz. Esate baterako, udaberria ate-joka dugula, Non dago Mikel? dokumentala ikusi beharra dagoela, Tubacexeko langileak tinko ari direla beren lanpostuak defendatzen, eta eskualde oso baten babesa dutela…

Baina urteurrena dugu egunotan; ditxosozko pandemia dela-eta konfinatu behar genuela esan zigutenetik urtebete igaro da. Ospatzeko ezer gutxi dago baina!

Gogoan dut larunbata zela, eta eguerdiko albistegian Espainiako presidenteak esan zuela ezinbesteko kontuetarako bakarrik irten ahal izango genuela etxetik. Exageratzen ari zela pentsatu nuen, eta biharamunean paseotxo bat egitera joatera ausartu nintzen. Kalean nengoela entzun nuen udaltzainen autoaren bozgorailuetatik ezin zela kalean egon eta etxera joan behar genuela. Ni neu orduantxe jabetu nintzen egoeraren larritasunaz, bozgorailu haietatik irteten ziren hitzak entzuterakoan. Ordura arte ez nuen gehiegi hausnartu nahi izan zetorkigunaz; gaitza Txinan edo gehienez jota Italian geratuko zela pentsatzen nuen, edo pentsatu nahi nuen.

Gero etorriko ziren etxean geratu beharra, jatekoa erosteko egindako irtenaldiei ahalik eta zukurik handiena atera nahi izatea, telefono dei amaigabeak, sentimenduen zurrunbiloa, bakarrik bizitzeak horrelako egoera batean dituen abantailak eta desabantailak zerrendatzea… eta irteten uzten hasi zirenean emandako lehendabiziko paseo hark eragindako poza, poz infinitu hura.

Urte latza izan da, oso latza, batez ere gertukoren bat galdu dutenentzat eta oso larri egon direnentzat, baina neurri batean edo bestean denongan utzi du arrastoa pandemia honek. Eta atsekabetzen nauena zera da: luze joko duela oraindik. Animo, beraz, irakurle! Eta eskerrik asko, bene-benetan, izan ditudan txakalaldietan eskua eman eta hondoratzen utzi ez didaten horiei.

Eta ezin dut aipatu gabe utzi beste urteurren bat, Gari Rolo joan zitzaigunetik ere urtebete igaro da-eta. Pandemiaren atarian joan zen, 38 urte zituela, eta lur jota utzi zituen senideak eta lagunak. Berezia zen Rolo, mundu petral honetarako onegia, agian, eta jaso dezala hemendik musu potolo-potolo bat. Txikiak ginenean egindako mendi-irtenaldietako oroitzapen goxoa gordeko dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago