Garaiotan zinemak irekita mantentzea erresistentzia ekintza bat da kasik. Eta horregatik da bereziki txalogarria zinema areto batzuen ausardia, aukera ematen ari direlako zirkuitu komertzialetan toki bat izateko zailtasun handiak dituzten filmak ikusteko.
Film horietako bat da, hain zuzen, Caminho longe. Josu Martinez eta Txaber Larreategiren lanak Alfonso Etxegarai euskal deportatuaren itzulera kontatzen du. Sao Tome uhartean 33 urtez egon eta gero, etxera itzultzeko unea iritsi zaio, eta haren bikotekide Kristiane Etxaluzek lagunduta, han egingo dituen azken egunen lekuko egingo gaituzte zuzendariek. Bikote baten intimitatean murgilduko gara, urte askoan pilatutako oroitzapen eta une gazi-gozoen berri izango dugu, eta haiekin batera ekingo diogu sorterrira eramango dituen bidaiari.
Ez da Martinezek eta Larreategik bikote honen istorioa kontatzen duten lehenbiziko aldia. Izan ere, duela hamar bat urte, Sagarren denbora filmatu zuten, eta han ezagutu genituen Kristiane eta Alfonso. Dokumental hori, bide batez, Argia astekariaren multimedia atalean dago ikusgai.
Errelatoa delakoa josteko prozesuan murgilduta gauden honetan, begi-bistakoa da alderdi guztiek ez dutela jokatzen baldintza berberetan. Sortzaile batzuek dena dute alde, publizitate handia egiten diete eta nahikoa baliabide dauzkate. Burura etortzen zait, esate baterako, Patria (liburua zein telesaila). Beste batzuen proiektuak, ordea, auzolanari eta militantziari esker ateratzen dira aurrera eta nekez dute oihartzunik. Partida, esan bezala, ez da ari berdintasunean jokatzen.
Errelato bakarra inposatu nahi diguten honetan, ezinbestekoa da gatazkaren ahalik eta aurpegi gehien ezagutzea, baina horretan herritarrok erantzukizun handia dugu. Izan ere, bertsio ofizialetik aldentzen diren proiektuak egiten badituzte, baina haiei jaramonik egiten ez badiegu, jai daukagu.