Errudun

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2020ko abe. 20a, 10:52

"Urtez urte eraikitzen joan diren usteek, zainetaraino sartu dizkiguten ideiek pisu handia dute"

Covida duten edo izan duten askori entzuna diet errudun sentitzen direla. Errudun ingurukoak kutsatzeagatik edo kutsatu izanaren aukeragatik (nahiz eta azkenean negatibo izan PCR probak egin eta gero). Errudun besteen bizitzak baldintzatu izanagatik, etxean gordetzera behartu izanagatik, haien osasuna arriskuan jartzeagatik... Marka da gero! Gaitz batek jota egon eta, gainera, erruduntasunaren zama bizkar gainean eraman behar, Sisifok harria nola.

Errudun sentitzen diren pertsona horiek, baina, zorrotz bete dituzte prebentzio neurriak, kontu handiz ibili dira, eta ez dute arduragabe jokatu. Eta gehienak, gainera, emakumezkoak dira. Ez dut uste hori kasualitatea edo anekdota hutsa denik; denok dakigu-eta historikoki zer generori leporatu izan zaion gaitz guztien gaineko errua.

Erraza da esatea ezin direla horrela sentitu, birusa kapritxosoa dela eta adituek esaten digutena hitzez hitz bete arren hortxe dagoela kutsatzeko aukera. Bakoitzaren sentimenduak, baina, libreak dira, eta, esan bezala, urtez urte eraikitzen joan diren usteek, zainetarako sartu dizkiguten ideiek pisu handia daukate. Horiek bai birusak!

Deseraikuntzan lanean jarraitzen dugun bitartean, zaindu, bai zuen buruak bai maite dituzuen guztiak, eta ekin gogor eta gogotsu urte berriari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago