Urriak 12

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2020ko urr. 15a, 11:27

"Guztiok dugu erantzukizuna eredu horren betikotzean eta ezin diogu iskin egin"

Urriaren 12a da gaur. Semaforo gorriaren aurrean, motor bi geldirik. Batean, lagun bat Espainiako bandera bizkarretik zintzilik duela eta beste bi motorraren alde bietan paratuta. Bestean, berriz, Glovoko zorro bat bizkarrean duen lagun bat, itxuraz hegoamerikarra. Izan ere, garaiotan, zaila da jendearen hazpegiei antzematea.

Eta irudi hori ikusita otu zait orain sei mende hasitako konkista hura puri-purian dagoela gaur egun, eta gauzak, tamalez, ezer gutxi aldatu direla. Hemen ere, lehengo lepotik burua.

Konkistatzaileek, inperialistek, bandera berean "bilduta" jarraitzen dute; hura omen haien aterpe bakarra, hura omen edozer egiteko baimena ematen dien totema. Haren izenean, dena da posible, dena da zilegi.

Eta, bitartean, baztertuenek, 1492ko urri zorigaiztoko hartatik arpilatzea eta zapalkuntza pairatzen dutenek, prekarietatean murgilduta jarraitzen dute.

Baina guztiok dugu erantzukizuna eredu horren betikotzean, eta ezin diogu iskin egin. Gure eguneroko erabaki txiki eta ustez hutsalek ereduaren mutur batean ala bestean lerratzen gaituzte. Zer erosten dugun, zer jaten dugun, nola mugitzen garen, etxekoak zaintzeko hartzen dugun horri zer kontratu egiten diogun (egiten badiogu, noski)… Horiek guztiek noranzko batean ala bestean kokatzen gaituzte. Gure esku dago erabakitzea noren ondoan egon nahi dugun, noren antza izan nahi dugun eta nori lagundu nahi diogun. Norekin joan nahi dugu eskutik helduta mundu petral hau iraultzeko? Espainiako bandera lau haizetara zabaltzen duenarekin ala sistemaren biktima den babesgabearekin?

Izan ere, oso erraza da bandera astintzen duen horretaz barre egitea, iraganeko garai loriatsuen nostalgiak jota dagoela esatea, baina, aldi berean, bestea/desberdina/atzerritarra zapaltzen duen sistema elikatzen jarraitzen badugu, ba al dugu inori ezer leporatzeko zilegitasunik?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago