Ennio

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2020ko uzt. 11a, 10:30

'The Good, the Bad and the Ugly'

"Horixe da zinema areto bat: amesteko, bidaiatzeko, gozatzeko toki paregabea"

Uda da, eta bero dago. Ordu luzez kanpoan, aire zabalean, egon eta gero, dutxa hartu eta azala hidratatzea komeni da. Aloe lozioa hartu, potoa ireki eta... hara! Usain ezagun bat! Sinestezina badirudi ere, Meanoko okindegian ikusi dut neure burua, txikitan, amonaren eskutik helduta, usain bera darie-eta lozio horri eta Bernedoko mendatea jaitsi eta Arabako Errioxari begira dagoen herrixka horretako okindegiari. Meanon gelditu eta ogia erosteko ohitura genuen Amurriotik Kripanera egiten genituen bidaietan. Amona ere gurekin etortzen zen batzuetan, eta hango etxeko andrea ezaguna zuenez, kuku bat egitera sartzen zen. Hari ilusioa egiten ziolako gelditzen ginen, eta, zer demontre, Meanoko ogi sobatua izugarri gustatzen zitzaigulako (eta zaigulako).

Usaina gai omen da garuneko alderdi emozional guztiak konektatzeko. Indar handia dauka gu iraganera eraman eta nostalgia pizteko.

Musikak ere bai, agidanez.

Horregatik, jakin dudanean Ennio Morricone hil dela, eta albistegietan hark konposatutako soinu bandarik ezagunenak entzutean, nire garuneko amigdala edo dena delakoa piztu egin da (aloe lozio haren usainarekin gertatu bezalaxe), eta hantxe ikusi dut neure burua, sofan, umea nintzela, eta artean zinema zer demontre zen jakin gabe, pontxo xelebre samar bat soinean zeraman tipo argal bati begira. Oraindik Madison Countyko zubiak igaro gabe zituen, ikusi dudan western ederrenetako bat zuzendu gabe zeukan eta Gran Torino bat gidatzeko urte asko falta zitzaizkion.

Gerora etorriko ziren jesuita guapo-guapo haiek, Amazonian, eta Novecentoko eszena ikonikoak (ikusi nuenetik, Donald Sutherlanden aurpegia du niretzat faxismoak). Eta denak Ennioren melodia gogoangarriek lagunduta.

Eta zer esan Cinema Paradiso filmaren soinu bandaz? Entzuten dudan bakoitzean oilo ipurdia jartzen zait. Zenbat aldiz ez ote dudan abestu Joxe Ripiauk egin zion bertsio eder hura. "Paradisu zineman ikusiko gara. Leku hau ametsak forjatzen diren materialarekin eginda dago".

Horixe da, bai, zinema-areto bat: amesteko, bidaiatzeko, gozatzeko toki paregabea. Magia sortzen da zinema-areto batean, eta horretan ezinbestekoa izan da Ennio Morriconeren ekarpena.

Zinema maitatzen lagundu digu haren musikak, eta horregatik: eskerrik asko, Ennio, bihotz-bihotzez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago