Dena esanda dago honezkero gure bizitza hankaz gora jarri duen "kontu" horretaz. Eta "kontu" diot, hain zuzen, ez dakidalako zer izen eman. Covid 19, konfinamendua, alarma egoera, krisia (eta haren aldaera guztiak: krisi sanitarioa, ekonomikoa, soziala...), pandemia... Dena den, kontzeptu horiek guztiek osatzen dute sare moduko bat: elkarri lotuta daude eta elkar elikatzen dute.
Zientzialariek, ikerlariek (are birologo, mikrobiologo eta enparauek)... birusaren jatorriaz hitz egin dute eta datuak eman dizkigute. Osasun arloko aditu eta langileek prebentzio neurriak gogorarazten dituzte etengabe. Psikologoek-eta honek guztiak gugan utziko duen arrastoaz mintzo dira. Soziologoek, filosofoek... pandemiak gizartean eta gizakion arteko harremanetan izango duen eragina aipatzen dute, eta bizipen honek gure balioak eta lehentasunak irauliko ote dituen itxaropena dute jomugan. Ingurumen arloko adituek klima aldaketak eta planetari egin diogun kalteak honetan guztian izan duen garrantzia nabarmentzen dute.
Bateko eta besteko agintariak, bitartean... Bakoitzak baloratu dezala. Pentsatu nahi dut ahal dutena egiten ari direla, guztiok bezalaxe, baina kontua da erantzukizun bat dutela eta horregatik izan beharko luketela autokritikarako gaitasuna eta umiltasun apur bat. Dena den, haiei eskatzen dieguna geure buruari ere exijitu behar diogu, kontu honetan guztiok gara-eta partaide eta erantzule.
Dena esanda badago, zer ekarpen egin dezaket nik? Interesatzen al zaio inori nola igarotzen ari naizen ni denbora tarte hau?
Askori entzun diet egoera honek balio izan diela jabetzeko bizitzan benetan garrantzitsuak diren gauzez. Niri ez. Ospitalean egon behar izan dut egunotan, ebakuntza txiki bat egin didatelako, eta aurretik ere banekiena berresteko balio izan dit: 1) gertukoen maitasuna ezinbestekoa da (eskerrik asko taxista lana egin zuen horri, Iruñeraino etorri ziren gurasoei eta telefonoz nirekin harremanetan egon zareten guztiei) eta 2) osasungintza publikoa eta bertako langileak zaindu behar ditugu.
Bizipen honek zer hausnartua eman beharko liguke, bai horixe. Nik, dena den, oroitzapen edo une gogoangarri hauekin geratu nahi dut: igandean prentsa patxadaz irakurtzeko ohitura berreskuratu izana; maiatzaren 2ko lehenbiziko paseo hura; urteko lehenengo izozkia jan nuenekoa (banillazkoa, noski); auzoko janari dendetako langileen tratu goxoa; bideodeiak gorrotatu arren, pantailaren beste aldekoen keinuak eta muxuak edo egunotan irakurritako eta ikusitako guztia (gora kulturgileak!, bide batez).