Ikasketak, lehendabizi, eta gero lana direla-eta, sarri suertatu zait bizitokiz aldatu eta bizitza berri bati ekin beharra. Hortaz, eta gaur egun hain hedatua dagoen esamoldea baliatuz, neure burua berrasmatu behar izan dut. Ez pentsa, dena den, erraza denik. Norberaren nortasunari uko egin gabe toki berriarekin batera eboluzionatzea, horra hor erronka. Nola moldatu, baina, ingurune ezezagun horretan? Nola mugitu kontrolatzen ez dituzun koordenadetan? Urteen poderioz ikasi dut helduleku batzuk behar ditugula prozesu horretan. Nire kasuan, helduleku horiek dira liburutegi bat, okindegi on samar bat eta paseatzeko zenbait toki. Horiek topatutakoan, orduantxe hasten naiz toki berrira egokitzen, ordura arte ezezagun zena nire egiten.
Irakurle amorratua naiz, eta, gainera, oso gustuko ditut liburutegiak. Eta, bai, liburutegira materiala mailegatzera ez eze, irakurtzera ere joaten den horietakoa naiz. Toki baten gauza on askoren erakusle da liburutegi (edo liburutegi-sare) txukun bat. Zortea baduzu, irakurle-talderen bat izango dute, eta hara hor aukera bat jendea ezagutzeko.
Jatun ona naiz, txikitatik disfrutatu dut izugarri janariarekin, eta ogia da nire jaki kuttunetako bat. Edozein jan badezaket ere, ez dago ogi ona bezalakorik. Ogi artifizialak inguratuta bizi garen honetan, harribitxiak dira okindegi onak. Horregatik, toki berri batera aldatzen naizen bakoitzean, horixe izaten da nire lehenengo eginbeharretako bat; konfiantzazko okindegi bat topatzea, alegia. Izan ere, nire kasuan, ogi onak lagundu egiten du atsekabeei eta makaldiei aurre egiten, horrelakoak ere izaten dira-eta bizitza berri bati ekitean.
Gerta liteke bizileku berrian elitista samarra izatea kirola praktikatzea. Ez ezazue pentsa toki guztietan dutenik Gasteizen pareko eskaintza publiko zabala. Zer hobea, orduan, paseatzera joatea baino? Ni, gainera, betidanik izan naiz ibilaldien oso zalea. Horregatik, bizileku berri batera iritsi eta paseatzeko tokien bila abiatzen naiz. Aitzakia ederra da hori hiria edo dena delakoa esploratzen hasteko, eta bertakoak harrituta geratu ohi dira iritsi berriok tokiaz izan ohi dugun ezagutza-mailarekin.
Liburutegia, okindegia eta paseatzeko tokiak aurkitu ostean etorriko dira lagun berriak, barreak, ustekabe atseginak, zinema-saioak... Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, Iruñean etxean bezala sentitzen laguntzen didazuen guztiei.