Greta

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2019ko abe. 12a, 12:00

'La hija de un ladron' filmaren irudi bat. BTEAMPICTURES

"Gaztea da Sara, oso gaztea, eta seme bat dauka. Lan prekarioetan aritzen da, eta haren egoera berean dauden amentzako pisu partekatu batean bizi da".

Lasai, ez dizuet-eta klima aldaketaren aurkako borrokaren erreferente bilakatu den/duten Greta horretaz hitz egingo, nahiz eta egunotan bolo-bolo dabilen guztion ahotan, Madrilen egiten ari diren goi bileraren harira.

Hizpide izango dudan Greta ez da –ez horixe– Garbo abizeneko hura, Hollywoodeko izar mitiko bilakatu zena. Bide batez, suediarrak biak ala biak.

Greta Fernandez da aipatu nahi dizuedana, eta aipatu nahi dizuet, hain zuzen, ukituta utzi nauen film bateko protagonistaren rola jokatzen duelako. La hija de un ladrón filmaz ari naiz.

Gaztea da Sara, oso gaztea, eta seme bat dauka. Lan prekarioetan aritzen da, eta haren egoera berean dauden amentzako pisu partekatu batean bizi da. Semearen aita ez da tipo txarra. Umeaz arduratu nahi du, bai, baina ez du bikote-harremanik nahi Sararekin; Sarak bai, ordea. Gainera, neba bat dauka, egoitza batean bizi dena. Izan ere, aita, filmaren izenburuko lapurra, kartzelan egon da eta ezin izan du seme-alabez arduratu. Baina, halako batean, kartzelatik irtengo eta hankaz gora jarriko du Sararen egunerokotasun hauskorra. Itxaropen zapuztuak, hiri handi bateko ingurumarietako bizimodua, gure gizarteak bazter uzten dituenen ahaleginak… Horiek guztiak kontatzen ditu filmak, baina aspaldi ikusten ez nuen sinesgarritasunarekin. Eta horretan biziki laguntzen du Gretaren antzezpenak. Sararen amorrua, grina, borroka, sufrimendua, etsipena… helarazten dizkigu. Orain, eta Sararen pertsonaiarekin enpatizatu ostean, zera dagokio ikusleari: pentsatzea zer demontre egin dezakeen gero eta desorekatuagoa den mundu hau abegikorrago eta justuago bilakatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago