Olarizuko tontorrean izan behar zuen, non bestela? Izan ere, Gasteizi agur esateko, nire bizitzaren fase hori ixteko, ez zait okurritzen toki hoberik. Egongo dira, bai, Armentiaren defendatzaile sutsuak edo Salburuko hezeguneen zaleak; nik ere maite ditut txoko horiek, baina sinets iezadazue —eta paseatzaile profesionala naizen aldetik esaten dizuet— Olarizuk eskaintzen du Gasteizko ikuspegirik ederrena; eta hiritik apenas aldendu gabe, gainera. Alberto Zerain zenak ere biziki atsegin omen zuen Olarizu, eta Javi Dominguez ultratrail korrikalaria sarritan ikusi dut han entrenatzen. Bere txikitasunean handia da Olarizu; bai, horixe.
Hiri osoa ikusten da handik goitik: Salburuko eta Zabalganako etxe orratz distopikoak, Alde Zaharreko elizetako dorreak, Zabalgune ordenatua, hegoaldeko auzoak eta iparraldekoak, industrialdeak... Eta, inguruan, Lautada: soroak eta herrixkak. Eskumatara, urrunean, Beriain, eta gertuago Aratz, Aizkorri eta Anboto. Parean, Gorbeia, eta ezkerretara, Badaiako mendiak, Trebiñu eta beste.
Dena delako arrazoiagatik hiriarekin erreta dagoenak Olarizura igo beharko luke, han berradiskidetuko da-eta Gasteizekin. Era berean, hirira etorri berria den edonork igo beharko luke Olarizura. Esate baterako, Erasmus programaren bitartez Gasteiza datozen unibertsitateko ikasleentzat propio antolatu beharko lukete txango bat hara. Nik gustura egingo nuke gidari-lana, baina, esan bezala, Gasteiztik alde egingo dut. Espero dut, dena den, Olarizura itzultzen naizen hurrengo aldirako kenduta egotea hango gurutze mastodontiko eta mehatxagarria.