Zorion

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2019ko eka. 27a, 10:24

"Nekez aldatuko da ezer nor bere etxean gotortuta geratuz gero, interakziorik gabe..."

Eskandinaviako herrialdeak dira ongizatearen eredu Mendebaldeko (edo are Iparraldeko) gizartean. Hala, sare sozialei erreparatuz gero, emakumezko japoniar batek etxea nola ordenatu esaten digu, eta eskandinaviarrek (izan daniar, suediar ala islandiar) zoriontsu izateko aholkuak ematen dizkigute. Bizitzaren gauza txikietan aurkitzen omen dute haiek zoriontasuna, etxeko epeltasunean, eta kontzeptu horri hygge esaten diote Danimarkan, eta lagom Suedian. Are gehiago, Islandian hitz bat daukate egun hotz eta euritsuetan etxeko leihotik kanpora begira egotearen  "artea" izendatzeko: gluggaveour, alegia. Eredu horrek, baina, badu bere ifrentzua. Erraza da, bai, etxetik atera gabe zoriontsua izatea irakurtzen, infusioak eta pastelak jaten, lagunekin elkartu eta filmak ikusten, eskulanak egiten... baldin eta etxe atsegina eta duina baduzu eta neguan berokuntza ordaintzeko nahikoa diru. Bestela, nekez aurkituko duzu zoriontasuna etxearen ustezko goxotasunean. Mundu pribilegiaturen prismatik eraikita dago eredu hori, sare sozialetan izurritearen antzera zabaltzen diren eredu gehienak bezalaxe. Filosofia horrek, gainera, ez al du indibidualismoa bultzatzen? Izan ere, nekez aldatuko da ezer nor bere etxean gotortuta geratuz gero, herritarren arteko interakziorik gabe eta gizartean sinergiak sortzeko aukerei bizkarra emanez. Argi dago kale egin digutela gauza/pertsona askok eta gero eta kausa gutxiagotan sinisten dugula, baina sinistu nahi dut badela zerbait norberaren baitan biltzetik harago.

Hygge da kafe ona hartzea, ogi egin berriaren usaina, beheko suari begira egotea, artilezko jertse baten goxotasuna... Hedonismo-keinu txikiak, azken finean. Gutxi izango dira nik bezainbeste disfrutatzen dutenak eskandinaviarrek aldarrikatzen dituzten gauza "txiki" horiekin, oso zoriontsu egiten naute-eta, baina zoriontasun bete-betea erdiesteko (halakorik balego) ez dira aski, eta, hain zuzen ere, beste horiek bilatzean datza bizitza. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago